“Saio asko neuzkan lotuta ekaina bitartean, eta denak bertan behera geratu dira”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 17a, 10:25

Yolanda Arrietaren hitzak dira horiek, baina kulturaren sektorean aritzen den edonorenak ere izan  daitezke. Plazaz plaza dabiltzan hainbat lagunen iritziak batu ditugu. Emanaldi asko galdu dituzte baina hori ez da okerrena. Etorkizun hurbila ez dute batere argi ikusten. Inkesta honetan Yolanda Arrieta, Ixabel Agirresarobe, Jon Imanol Etxabe, Idoia Torregarai, Joseba Tapia, Haritz Harreguy, Ruben Caballero, Manex Torrealdai eta Ixak Arrutiren adierazpenak batu ditugu.

 

Yolanda Arrieta, bueltaren zain

NOAUA! Haur eta gaztetxoentzako saio ugari egiten dituzu urtean zehar. Emanaldi asko galdu al dituzu asteotan?

Yolanda Arrieta. Idazteaz gain, aurrez aurreko saioak ditut gustuko. Horiek dira nire “marka”, nolabait esatearren. Saio asko egin izan ditut orain arte, bai umeekin eta baita irakasleekin ere, formazio-saioetan. Beti ere HGL hizpide dela. Saio asko neuzkan lotuta ekaina bitartean ere, eta denak bertan behera geratu dira. Hogeita hamar saio inguru, saio solteak eta ikastaro edo formazio bidezkoak. Horietako asko eta asko solte geratu dira, berreskuratzeko ideia zehatzik gabe. Beste batzuk atzeratu egin ditugu udazkenera. Galtzagorri Elkarteak eta EHUk Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin (hainbeste kostata) martxan jarritako HGL Eskolan ikastaroan ere saio bata aurrez aurre eman nuen martxoaren 12an (haur poesia), eskolak itxi bezperan, eta hurrengoa guztia goitik behera berrantolatu behar izan nuen modu ez-presentzialean emateko, batez ere, saioa ez galtzearren eta ikastaroarekin jarraitzeko. Ez dut nik halakorik inoiz egin baina, alabaren laguntzaz, bideoak grabatu eta gida moduko apunteak antolatu nituen eta, beno, nahiko ondo atera zen, surrealista samarra izan arren, izan ere gaia ahozkotasunarekin loturik baitzegoen (ahozko kontaketa).

Zuzeneko eta jendaurreko emanaldiei dagokionez, badirudi luze joko duela geldialdiak. Ipuin kontalarien artean eta orohar ahozkotasunaren arloan, birusa kalte handia egiten ari da ezta?

Yolanda Arrieta. Pantailari kontrapuntu egin behar geniola esaten nuen birusa baino lehen, ahotsa berreskuratu behar genuela, eta ahotsa gorputza dela; hots, begiak, eskuak eta aurrez sortzen dugun emozio-energia partekatua. Orain pantaila bidez komunikatzen gara eta laster maskarak jantzi beharko ditugu niki eta prakekin batera. Ulertzen dut, osasuna zaindu behar dugu, geure onerako da. Ahozko kontaketa asko ikusten ari naiz online. Nik neuk ere jarri ditut pare bat bideo, eta une batean ondo etor daiteke, besterik ez dagoenean, edota hura ikusi eta beste bat horretan hasteko bulkada gisa. Ez diot ezer kentzen, bizi dugun unea kontuan hartuta, baina nik hogeita hamar umeren begirada desafiatzailea botatzen dut faltan, algara orokorra, esaldi errepikatuak, lelo orokorrak, keinuak, izerdia. Ez dakit zer gertatuko den hemendik aurrera, unean-unean joango gara bidea egiten. Bitartean, etxeetan ari dira kontu-kontari eta kantari, inoiz baino gehiago, eta hori ere ederra da. Bueltaren zain geratuko gara, bada, motorrak berotzen, kontuak asmatzen eta ahotsa zaintzen. Bueltaren zain.

 

 

Ixabel Agirresarobe: “Ez nago lasai”

NOAUA! Haur eta gaztetxoentzako saio ugari egiten dituzu urtean zehar. Bakarka edota Mattin marrazkilariarekin batera. Konfinamendua ezarri zenetik hona emanaldi asko galdu al dituzu?

Ixabel Agirresarobe. Bakarka, Mattinekin eta Jaione Albenizekin “Dantzipuinak” saioa ere egiten dut. Batzuk atzeratzekotan geratu gara baina ez nago lasai. Udazkenera pasa ditut batzuk eta beste batzuk datorren urtean egingo ditudala esan didate. Horrekin konformatu behar gainera.

Etorkizun hurbila nola ikusten duzu?

Ixabel Agirresarobe. Zuzeneko emanaldiak eta leku itxietan egiteko aukera auskalo noiz izango dugun. Orain irrati eta pantaila bidez eskaintzen ditugu gure saioak. Hauek ere doan. Ea egoera honek pentsarazten digun kulturaren presentzia zenbaterainokoa den gure bizitzan.  Esperientzia berriak frogatzen ari gara eta irratiz kontaketak egitea interesgarria egin zait. Ez legoke gaizki horretan jarraitzea. Ahozkotasunarentzat irratia leku egokia da. 

 

 

Jon Imanol Etxabe: “Musika klasikoan, gauzek denbora asko beharko dute bere horretara itzultzeko”

Donostiako Orfeioarekin batera bira bat egitekoa zen Europan barrena. Bost kontzertu eskaini behar zituzten Alemanian, Herbeheeretan eta Luxemburgon, baina ez da posible izan. Udan Rigoletto operan hartu behar du parte eta Musika Hamabostaldiko  hitzordu hau ere kolokan dago. Bistakoa denez, osasun alarmak bete-betean eragin du Jon Imanol Etxaberen jarduera artistikoan.

NOAUA! Emanaldi asko galdu al dituzu?

Jon Imanol Etxabe. Dezente, egia esan. Pena handiena Donostiako Orfeoiarekin Alemania, Herbehereak eta Luxemburgon zehar programatua zegoen 5 kontzertuko bira bat bertan behera geratu izanak eman dit eta kolokan dago Musika Hamabostaldian parte hartuko dudan Rigoletto opera. Zer esanik ez Orfeoiarekin, eta nagoen beste 3 abesbatzekin, emanaldiak galdu ditudala (nazioarteko lehiaketa bat, besteen artean) eta, noski, bakarlari bezala programatuta izan nitzakeen elkarlan guztiak ere. Erabateko geldialdia pare bat hilabetez, gutxienez.

Badirudi luze joko duela geldialdiak. Zure jarduera artistikoan ere, birusak kalte handia egin du ezta?

Jon Imanol Etxabe. Musika klasikoari dagokionez, gauzek denbora asko beharko dute bere horretara itzultzeko. Talde handiei dagokienez (orkestra zein abesbatzak), jada prestatuta zeuden kontzertuak gauzatzeko denbora dezente itxaron beharko da, jende multzo handiak biltzea arrisku iturri garbia izango delako denbora batez. Okerrena gero etorriko da, ze programa berriak entseatzeko talde guztia biltzea ezinbestekoa da (ehunka pertsonetaz hitz egin dezakegu kasu batzuetan); jendetza handien bilkura baimena ematen dutenean kontzertuak eskaini ahal izango ditugu, eta orduan hasiko gara entseatzen gauza berriak. Ganbera taldeek zein bakarlariek hartu beharko dugu lekukoa gainontzekoa normaltzen den bitartean.

 

 

Idoia Torregarai: “Kulturak arima elikatzen du”

NOAUA! Mirari Martiarenarekin batera bira betean zeunden. Zenbat saio galdu dituzue?

Idoia Torregarai. 7 saio bertan behera geratu dira martxoa eta apirila artean. Martxoaren 12an, konfinamenduaren aurreko egunean azken saioa egin genuen.

Aurrera begira, nola daude gauzak?

Idoia Torregarai. Gure nahia oholtzara ahalik eta azkarren bueltatzea da, hori egitea gustatzen zaigulako. Une honetan ez dakigu bertan behera geratu direnak aurrerago egiteko aukerarik izango dugun edo ez, eta alde horretatik galera handia da, bai. Koronabirusak kulturan sortutako kalteak ere lehentasunez kudeatu beharko lituzteke arduradunek, eta are gehiago euskarazko kultur jardueraren kasuan. Izan ere, janariak gorputza bezala, kulturak arima elikatzen baitu.

Argazkia: Ion Markel Saez de Urabain.

 

 

Joseba Tapia: “Hau aspalditik datorren gainbehera da”

NOAUA! Konfinamendua ezarri zenetik hona emanaldi asko galdu al dituzu?

Joseba Tapia. Ez dago emanaldientzako aukerarik eta gainera ez dakigu noiz arte. Hala ere, kontzertuena da gure lanaren parte bat. Bestea, sor–tzea eta tresna lantzea denez ez gaude geldi. Lanean dihardugu  sator zuloan...

Etorkizun hurbila nola ikusten duzu?

Joseba Tapia. Garai egokia orain artekoa aldatzen hasteko. Hau aspalditik datorren gainbehera da. Ez badugu guk aldatzen, berak aldatuko gaitu gu.

 

 

Haritz Harreguy: “Denek beltz ikusten dute egoera”

Zuzeneko teknikari bezala, emanaldi asko galdu al dituzu?

Haritz Harreguy. Hasiera batean, atzeratu egingo dira. Baina jende ezberdinarekin ari naiz hizketan, kontzertuetako promotoreekin zein managerrekin, eta denek beltz ikusten dute asuntoa. Zuzenekoei dagokionez, urte hau galdu egingo dela seguruenik. Berrasmatzeko ahaleginean, batzuk hasi dira buruari bueltak ematen, sala hutsetan jo eta kontzertu horiek streaming bidez eskaini… Jendea ari da bururari bueltak ematen.

Estudioan, lana topera daukat baina oraintxe bertan Kataluniako beste teknikari batzuekin hizketan ari naiz, eurek ere lanean hasi nahi dutelako. Segurtasun neurri guztiak betez lanean hasi gintezke. Baina kontua da taldeek lokaletan dituztela instrumentuak. Eta joan den hilabete t´erdian ez dute entseatzeko aukerarik izan.

Etorkizun hurbila nola ikusten duzu?

Haritz Harreguy. Asuntua oso arraro dago. Ziurtasunik eza, hori da okerrena. Ez jakitea “halako egunetan abiatuko gara”.

 

 

Ruben Caballero: “Emanaldi denak erori dira”

Eñaut Elorrietarekin edota Don Inorrez taldearekin aritzen zara zuzenean. Udaberri/uda partean jaialdi asko egiten dira. Zuzeneko musikari bezala, emanaldi asko galdu al dituzu?

Ruben Caballero. Bai, emanaldi denak erori dira. Neuzkan zuzeneko guztiak bertan behera utzi dituzte. Bada salbuespen bat. Apirilaren 24an Bilboko BBK aretoan aritu nintzen Eñaut Elorrietarekin. Streaming bidezko kontzertu bat izan zen. Internetez bakarrik ikus ahal izan zen. Oso baldintza berezietan egin zen: gehienez ere bi pertsona oholtza gainean (bera eta Eñaut aritu ziren). Guanteekin eta maskarilekin, segurtasun neurri guztiak betez. Bakoitza bere autoan aretoraino. Gainontzeko guztia, bertan behera. Ea ez diren gehiago suspenditzen baina oraingoz ez dakigu zer gertatuko den.

Ez dirudi egoera berehala aldatuko denik, ezta?

Ruben Caballero. Egin zezakeen minik handiena egin du, baina ez gurean bakarrik. Aisialdiari lotutako beste jarduerak ere berdin-berdin daude. Jendaurrekoari lotutako guztia kaltetua izan da. Ea zer nolako neurriak hartzen dituzten. Baina kontzertuetan aritzen garenak oso egoera zaila dugu aurretik. Bete-betean harrapatu gaitu.

 

 

Manex Torrealdai: “Okerrena ezjakintasuna da”

Ttipikako sortzailea zara, Laiotzeko musikari... Emanaldi asko galdu al dituzu?

Manex Torrealdai. Orain arte apirila, maiatza, ekaina Ttipikaren momentu fuertea izaten zen. Aurten lau kontzertu lotuak genituen, hilabete horietan, oraingoz bi erori dira baina besteak bide beretik doaz seguruenik. Laiotzekin berriz oraintxe hasten gara denboraldiarekin, hilabete goaz entseatu ezinik eta lehen kontzertuak erori dira jada. Ez du etorkizun argirik honek, itxarotea besterik ez zaigu geratzen zer etorriko den ikusteko eta hori da okerrena agian, ezjakintasuna.

Etorkizun hurbila nola ikusten duzu?

Manex Torrealdai. Kultura eta gizarte osoa kolpatu du gogor. Nik nire bizimodua trikitixa eta pandero irakasle bezala ateratzen dut aurrera urtean zehar, baina udako bi hilabete horietan musikatik bizi izan naiz. Aurten ikusiko da baina alternatibak pentsatzen jarria nago badaezpada.

Hala ere ez nago kexatzeko. Kultur arloko eta kanpoko nire inguruan ditudan lagun batzuen errealitatea gogorragoa da eta.

 

 

Ixak Arruti: “Udan 40 bat kontzertu izaten ditugu normalean”

Natali eta La Regaderarekin aritzen zara zuzenean, bertso musikatuetan hartzen duzu parte, Laket erromeri taldearekin ere ikusi izan zaitugu... Udaberri eta uda partean ari–tzen zarete bereziki. Emanaldi asko galdu al dituzu?

Ixak Arruti. Azken urte honetan La Regadera eta Natalirekin nabil bereziki. Aurten La Regaderakin bakarrik jada 20 kontzertutik gora utzi ditugu bertan behera. Herbehereetan bira txiki bat egitekotan ginen gainera, eta hura ere suspenditu behar izan dugu.

Udan zehar 40 bat kontzertu izaten ditugu normalean eta aurten iruditzen zait ez dugula batere joko. Hori La Regaderarekin, gainontzeko proiektuak kontuan izanda, ufa! Izugarri kontzertu pila galduko ditut aurten.

Kultur arloko profesionalen egoera zaila bazen, are gehiago okertu da orain.

Ixak Arruti. Egia da birusak izugarrizko kaltea egin duela eta egingo duela. Hala ere ez pentsa birusaren aurretik hain ondo ginenik ere, eh? Birusak Euskal Herriko kulturaren egoera prekario eta negargarria gehiago azaleratzen lagundu duela esango nuke. Zorionez edo zoritxarrez, gutako asko ez gara bizi zuzenekoak eskaintzetik, herri honetan kulturari ematen zaizkion baliabide ezak hori ezinezkoa egiten duelako.

Egia da zuzenekoak jotzetik diru pixka bat ateratzen dela, baina ez bizitzeko adina inondik inora, zenbait talde pribilegiatu kenduta noski.

Hori musikariak, baina jende pila bat bizi da zuzenekoetan lan egitetik. Teknikariak, managerrak, musika agentziak... Kaltea izugarria izango da.