Koronabirusa

Tokiko kontsumoa sustatu eta merkatariak babesteko laguntza lerroak

Osasun krisialdiak dakartzan kalteei aurre egiterakoan, herri merkataritza eta ostalaritza babestu eta sustatzea izango da Usurbilgo Udalaren lehentasun nagusietakoa datozen hilabeteotan. Sektore honi begirako hainbat neurri iragarri ditu.

Herriko merkatari eta ostalariekin batera izan dituzten azken asteotako hartuemanek erabaki dituzte sektorea laguntzeko neurriak. “Covid19-ak sortu duen krisi honek areagotu baino ez du egin jadanik bizirauteko zailtasunak zituen sektorean batean”. Horregatik Udalaren asmoa sektorea babestu soilik ez, bultzada ematea da. “Tokiko kontsumoa sustatzeko”, hainbat egitasmo abiaraztekoa da Udala asteotan.

Sektorearen datuak
-108 enpresa eta establezimendu ditu erregistratuak Udalak.
-74 negoziok (%68,5) jarduera ekonomikoa eten behar izan dute.
-40 merkataritza saltokietatik 15ek itxi behar izan dute.
-Ostalaritza jarduera guztia eten da; 38 jarduera guztira.
-Bestelako zerbitzuetan, 29tik 21ek itxi dute.
-Zabalik izan diren elikagaien saltokietan: zortzik salmenta gehitzea lortu dute, 10ek salmenta egonkor mantentzea eta 15en salmenta jaitsi da.
-Sektoreko langile guztien (357) %69a, 248 langile (101 autonomo eta 147 langile kontratatu) langabezian edo ERTE-an. 166 ostalaritzan, 42 bestelako zerbitzuetan eta 40 merkataritzan.
-Sektoreko fakturazioan 2.079.892 euroko jaitsiera itxialdiko 5. astean. 2,7 miloi euroko zuzeneko eragin ekonomikoa.

Neurriak:
-Eskaini ez den udal zerbitzuagatik tasa edo prezio publikorik ez kobratzea. Zergen ordainketa atzeratu eta malgutzea.

-Tokiko saltoki eta establezimenduetarako erosketa bonoak eskuratzeko webgunea garatzen ari da Udala. Orain arte jarduera etenda izan edo salmentan beherakada izan duten 30etik gora saltokiek parte hartuko dute. Webgune horretan saltoki bakoitzak erakusleiho propioa izango du.

-Bonoen bidez erosketak egiteko aukera itxita egon diren edo salmenta jaitsi zaien saltokietan: 20, 50 eta 100 eurokoak eskuragarri. %20ko deskontua aplikatuko da, deskontua Udalak ordainduko dio saltokiari. Bono guztiak salduta, saltoki bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu (1.600 euro herritarren eskutik, 400 euro Udalaren eskutik). Herritar guztiek bonoez baliatzeko aukera berdintasuna izan dezaten, bakoitzak 200 euroko muga izango du. Ekimenak herritarren artean harrera ona badu, ez da baztertzen epe motzean beste hainbeste bono salgai jartzea eta “agian beste merkatari batzuk ekimen honetan parte hartzea”.

-Bonoen sisteman lekua izatea zaila ikusten dutenez, itxialdiak eragindako gastuei aurre egiteko taberna, kafetegi eta ostatuei zuzenduriko 400 euroko diru-laguntza lerro zuzena iragarri du Udalak. Alkate dekretu bidez onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak kaleratu bezain laster eskabideak aurkezteko epea zabalduko da.

-Herri merkataritza eta ostalaritza indartzeko komunikazio kanpaina iraunkorra urte osorako.
-Babes ekipamenduen (eskularruak, gela eta maskarak) hornidura merkatarientzat.

-Beste diru-laguntza lerro batzuen azterketa, autonomo edo enpresa txikientzat. Herriko sortzaileak eta ekintzaile berriak babesteko.