Koronabirusa

Gizarte babesa indartzeko apustua

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 18a, 13:48

Udal aurrekontuetan 2020rako jasoa zuen 90.000 euroko diru partida handitzeko aukera, oinarrizko elikadura bermatzeko diru-laguntza lerroa ohiko bideetatik eskaintzea... Osasun krisialdi honetan zehar sor daitezkeen beharrei aurre egiteko gizarte zerbitzuetako laguntzak indartuko ditu Udalak. 

90.000 euroko diru partida zuen aurreikusia Usurbilgo Udalak 2020ko aurrekontuetan, “askotariko egoerei erantzuteko” helburua duten gizarte laguntzetara. Baina beharren arabera kopuru hau haztea aztertu eta baloratzea aurreikusia du. Bizi dugun egoeran, “gizarte babesa indartzea” baita Udalaren erronka nagusietako bat.

Laguntzon artean da, covid19-aren eraginez bizi dugun egoera honetan, elikadura bankuak itxi eta oinarrizko elikadura bermatzeko Udalak irekitako ezohiko diru-laguntza lerro zuzen berria. “Une honetan 30 familiek jasotzen dute diru-laguntza hau ere”. Laguntza hau “ohiko bideetara” eramateko lanean ari da egun Udala. Herritarrek eskura dituzten gizarte zerbitzuei buruzko informazio zehatza jasoko dute egunotan etxean, baina oinarrizko beharrei aurre egiteko laguntza beharrean direnei Gizarte Zerbitzuetara deitzea eskatzen die Udalak. Hementxe eremu honetan, momentuz Udaletik iragarri dituzten neurri nagusiak:

-Orain arte, oinarrizko elikadura bermatzeko ezohiko bidetik eskainitako diru-laguntza etorkizunean ohiko bidetik eskaintzeko lanean ari da Udala.
-Gizarte laguntzen informazioa biltzen duten eskuorrien banaketa etxez etxe egunotan.
-Udal aurrekontuetan gizarte laguntzetara bideraturiko 90.000 euroko partidaren hazkuntza beharren arabera.
-Oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituztenei Gizarte Zerbitzuekin hartuemanetan jartzeko deia, 943 377 110 telefono zenbakiaren bidez. Jada jendaurreko zerbitzua eskaintzen ari dira, baina aurrez hitzordua eskatu beharra dago. Telefono deian egin nahi den kontsulta azaldu beharko da. Telematikoki konpondu badaiteke bide horretatik erantzungo da, bestela Kale Nagusiko egoitzara joateko aukera izango da.