Koronabirusa

Egoera berrira egokituriko kultur eskaintzaz gozatzeko aukera izango da

Ekainetik aurrera kultur ekintzen agenda berreskuratzeko asmoa du Udalak, beti ere osasun krisialdiak eragozten ez badu behintzat eta beharrezko prebentzio neurriak hartuta. Online bidezko nahiz formats ezberdinetako kaleko kultur eskaintza erakargarria izango dugula iragarri du Udalak.

Segurtasun baldintza guztiak beteko dituen usurbildarrentzako egoera berrira egokituriko kultur eskaintza erakargarri, berri eta indartsua osatzeko lanean dabil Udala herriko taldeekin elkarlanean. Horretarako egin zuen Kultura Sailak bilera erronda joan den astean, jai batzordeekin eta arlo honetako diru-laguntzak eskatu dituzten eragileekin. “Ikusiko dugu epe motzean, egunotako hartuemanok zer emaitza uzten duten”, zioen alkate Agurtzane Solaberrietak. Online bidezko nahiz formatu ezberdinetako kale ekintzak tartekatu asmo dituzte. Bide batez, noski, “ahal den neurrian kale bizitza suspertzea” litzateke asmoa.

Itxialdi honetan zehar, Usurbilgo Artixten Taldeak egindako “ahalegina, lana” eskertu nahi izan zuen alkateak, “usurbildarrei kultur eskaintza paregabe bat eskaintzeko, modu bolondresean gainera. Zorretan gaude herriko sortzaileekin”. Euskal kulturgintza babestu beharreko lehentasunezko eremutzat jotzen du Udlalak, sektore honek ere osasun krisialdi honetan “kolpe latza” jaso duela aitortuta.