Koronabirusa

Ekainean zenbait udal eraikin zabaltzeko aurreikuspena

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 18a, 11:05

Usurbil ere "deseskalatze" prozesu betean da asteotan. Osasun krisialdiaren egungo egoera eta duten informazioa aintzakotzat hartuta, ekainean zehar "normaltasun berrirantz" urrats gehiago ematea aurreikusia dago herrian. Tartean, zenbait udal eraikin ireki asmo dituzte, baita egun etenda dauden zenbait zerbitzu berreskuratzekoa ere. 

Une honetan duten informazioaren arabera, bai Espainiako Gobernutik zein Eusko Jaurlaritzatik jasotako irizpideak eta egoera orokorra aintzakotzat hartuta, eta segurtasun neurriak beteta asteotan zenbait zerbitzu martxan jarri asmo du Udalak. Covid19-aren eraginez bizi dugun itxialdian jardunari eutsi dion arren, azken hilabeteotan ezinbestean etendako hainbat zerbitzu berriz martxan jartzeko balizko lehen datak ezagutzera eman ditu, zerbitzuon etenaldiarekiko agertu duten jarrera ulerkorra eskertzearekin batera.

Datak:
Maiatzaren 14az geroztik:
-Udal erregistroko eta gizarte zerbitzuetako jendaurreko zerbitzua martxan. Aurrez hitzordua eskatu behar da telefonoz. Telefono deian kontsulta mota zein den azaldu beharko da. Kontsultei ahal den neurrian telematikoki erantzutea hobetsiko da. Hala ezin bada, aurrez aurreko hitzordua jaso ahalko du herritarrak, eta udal eraikinera sartu, beti ere norberak eramandako maskararekin. Ezingo balitz, bertan banatuko zaio.

Ekainak 1:
-Liburutegiaren mailegu sistema martxan jarriko dute.
-Potxoeneko lokalak herritarren erabilerarako irekitzea.
-Kultur ekintzen agenda berriz martxan.

Ekainak 15:
-Liburutegirako sarbidearen irekiera.
-Ekaina erdialdean, Oiardo Kiroldegiko gimnasioaren irekiera.

Data zehatzik gabe:
-Gaztelekua, taxi-busa, ludoteka, jubilatuen egoitzen edota Haraneren irekiera. Udala erabaki gehiago hartzeko moduan den unean, herritarrei jakinaraziko zaie.

Oharrak:
-Martxan jarritako zerbitzuak modu mugatuan eskaintzen hasiko dira, higiene araudia kontuan hartuta, aforoa kontrolatuta egingo da. Tokian tokiko protokoloa komunikatuko du Udalak.