Koronabirusa

410.000 euro bideratu ditu Udalak, osasun krisialdiaren ondorioei aurre egitera

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 18a, 11:25

Osasun krisialdia hasi zenetik bi hilabete igaro diren honetan, bizi dugun ezohiko egoerari aurre egiteko ezohiko neurri sorta iragarri du Usurbilgo Udalak egunotan. Ziurtasun eta adostasunetik, herri gisa erantzun bateratua eman asmo diote udalbatza osatzen duten hiru talde politikoek. Udalak jada 410.000 euroko inbertsioa bideratu du, krisialdi honen ondorioei aurre egitera.

Ziurtasuna eta adostasuna eskaini nahi dizkie Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru talde politikoek, covid19-aren eraginez bizi dugun “osasun krisi latz honi”. Herri gisa modu bateratuan erantzutea; eta horren irudia izan zen udalak jendaurreko zerbitzua berreskuratu zuen maiatzaren 14an udalbatza aretoan egin zuten agerraldia.

Pertsonak eta bereziki kolektibo zaurgarrienetako herritarrak erdigunean jarrita, osasun krisialdiaren kalte ekonomikoak arintzeko hainbat neurri hartu dituzte hilabeteotan eta bide berean sakonduko dute. “Ezohiko neurriak eta erabakiak etengabe hartzen ari gara egunez egun aldatzen ari den egoerari ahalik eta egokien erantzuteko”, zioen alkate Agurtzane Solaberrietak, EHBildu (Beñat Larrañaga), EAJ (Josune Urkola) eta PSE (Patxi Suarez) udal taldeetako ordezkari bana bildu zituen agerraldian.

Nahiz egoera zailean egin. Udalaren diru-sarrerak %20an murriztuko dela aurreikusia dute eta horrek “2020ko aurrekontuetan izugarrizko eragina izango du, berregokitu beharko ditugu eta gastuen atala gutxitu”. Lehen kalkuluen arabera, 1,6 milioi euroko murrizketa aplikatu beharko du Udalak. “Beraz ariketa zaila dugu eskuartean”. Halere hiru udal talde politikoek indartu edo lagundu beharreko hiru eremu zehaztu dituzte. Lehentasuntzat jotzen dituzte, tokiko ekonomia eta euskal kulturgintza lagundu eta gizarte babesa bermatzea.

Elkar zaintza, elkartasuna eta erantzukidetasuna ardatz hartuta, orain arte hartutako neurriei (hainbat elkarlanean herritar eta merkatariekin) segida emango diete lerrootan bildu ditugun hauek: oinarrizko elikadura bermatzeko diru-laguntzak, ahalik eta zerbitzu publiko gehien bermatzea langileak babestuta; erosketak egiten laguntzeko osatu den herritarren laguntza sarea, indarkeria sexistari aurre egiteko protokoloa indartzea, adinekoen bakardadeari emandako sostengua, hondakinen bilketa berezia...

410.000 euroko inbertsioa eragin du jada covid19-ak
Osasun krisialdiari aurre egiteko orain arte hartutako neurriek 410.000 euroko inbertsioa egin beharra eragin dio Udalari. Kopuruok nabarmendu dituzte:
-Udal tasa eta prezio publikoak ez kobratzea edota herritarrei itzultzea (itxita dagoen Kiroldegiaren, Haur Eskolaren eta etenda geratu diren ikastaroen kasuan): 290.000 euro.
-Elikadura bermatzeko diru-laguntza: 20.000 euro.
-Herri merkataritza sustatzeko neurriak:
1-Erosketa bonoak, diru-laguntza lerroak: 50.000 euro.
2-Bonoen salerosketarako webgunea: 10.000 euro.
3-Babes ekipamendua eta desinfekzio gastuak: 20.000 euro.
-Komunikazio kanpaina: 20.000 euro.
-Aurrerantzean hartuko diren neurriak: udal zerbitzuak eteteagatik azpikontratatutako enpresei kalte-ordainak ordaintzea, gizarte-laguntzetarako aurrekontua handitzea, kultur eskaintza egokitzea.

Udalak neurri guztiok iragartzeko maiatzaren 14an eginiko agerraldi osoaren bideoa hemen: