#U12

Deialdia ofiziala da orain, uztailaren 12a hauteskunde eguna izango da

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 19a, 12:45

Azken orduotan Iñigo Urkullu lehendakariak iragarritakoa, ofizialki plazaratu du gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA); EAEko Legebiltzarra berritzeko hauteskunde eguna izango dugu uztailaren 12a.

Astearte honetako (maiatzak 19) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak dakarren lehendakaritza dekretu bidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deitu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak. Uztailaren 12rako finkatu du bozketa eguna. Ezohiko testuinguru batean datorren hitzorduari buruzko lehen xehetasunak ere argitara eman ditu aipatu dekretuak. Orain arte bezala, herrialde bakoitza 25 legebiltzarkideek ordezkatuko dute. Honenbestez, Gipuzkoako 25 legebiltzarkide hautatzen lagundu ahalko dute usurbildarrek. 

Hauteskunde kanpainak ere ohiko iraupena izatea aurreikusten du; 15 egunekoa izatea alegia. Ekainaren 26ko gauerdian hasi eta uztailaren 10eko gauerdira arte.

Osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jotzen du Jaurlaritzak
Gogoan izan, berez apirilaren 5erako zeudela iragarriak EAEko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak. Aldiz, covid19-ak eragindako osasun krisialdia tarteko atzeratzea erabaki zuten, "osasun-larrialdiaren deklarazioa amaitutakoan aktibatuko zela hauteskundeetarako deialdia" gaurtik indarrean den dekretuak zehazten duenez. 

Bizi dugun osasun krisialdiaren egoera aldatu da Eusko Jaurlaritzaren esanetan. "Osasuneko sailburuordeak maiatzaren 14an emandako Ebazpenean ezarri du ezen egungo osasun-adierazleen arabera gaindituta dagoela orain arteko egoera epidemiologikoa". Honenbestez, Jaurlaritzaren Osasun Sailarentzat, "osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jotzen da". Orain, "osasun-zaintzako fase bati ekin behar zaio, eta fase horren helburua da epidemia geldiaraztea eta gutxitzea, kasuak eta kontaktuak kudeatuz".

Jaurlaritzaren esanetan, epidemiaren eboluzioak zifrarik apalenak udan izan ditzakeela aurreikusten du, eta uda ostean litekeena dela beste agerraldi bat izatea. Honenbestez, uztailaren 12an osasun publikoaren egoerak hauteskundeak egun horretan ospatzea eragotziko balu, "beste data batera atzeratuko lirateke hauteskundeak, behar diren osasun-baldintzak bermatuta izateko".