Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzaren arabera, osasun-zaintzako fasean sartu gara

Noaua Aldizkaria 2020ko maiatzaren 19a

Espainiako Gobernuak estatu osorako alarma egoera beste hilabetez luzatu nahian dabilen honetan, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 12ko hauteskundeak ofizialki deitu dituen astearte honetan, osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jo eta "osasun-zaintzako" fasean sartu garela dio Osasun Sailak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak iragarri duenez, martxoaren 13an, itxialdia hasi bezperan indarrean jarri zen Euskadiko Herri Babeserako Plana, Larrrialdiei Aurregiteko Bidetik, "osasun-zaintzako fasera" igaro gara. Nekane Murga osasun sailburuak hartutako erabakiari buruzko xehetasunak astearte honetako (maiatzak 18) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak dakartza.

Osasun sailburuak beraz honakoa ebatzi du; "Lehendakariari eskatzea Euskadiko Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), modulatzeko, orain hasiko den osasun-zaintzako fasera egokitzeko. LABI plana Segurtasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez aktibatu zen, COVID-19aren hedapenak eragindako alerta epidemiologikoari aurre egiteko".

Osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jo dute
Aldaketa hau emateko zergatia azaldu du Osasun Sailak. "Pandemia bi hilabetez kudeatu ondoren, haren bilakaeraren egungo adierazleek diote egun geldiarazte- eta gutxitze-fasean gaudela (esaterako, oinarrizko birsorkuntza-zenbakia (R0) 1,75 zen zuzendaritza-batzordea sortu zen egunean, eta 0,77 ingurura jaitsi da 2020ko maiatzaren 11n). Horren azken helburua da, lehenik, kurba epidemiologikoak berriro goranzko joerarik ez izatea, eta, bigarrenik, izaera finalistarekin, normaltasun-egoera batera itzultzea, askatasun indibidual eta kolektiboari gutxiago eragingo dioten prebentzio-neurriekin".

Horrekin batera, egun "normaltasun berrirako" trantsizio prozesu horretan, lehen fasean gara. "Osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jotzen da, zeinaren helburu nagusia osasun-sistema ez kolapsatzea baitzen. Orain, osasun-zaintzako fase bati ekin behar zaio, eta fase horren helburua da epidemia geldiaraztea eta gutxitzea, kasuak eta kontaktuak kudeatuz".