Euskal Sagardoa online dastatzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 19a, 17:43

Gaur egun bizitzen ari garen egoera ikusita eta sagardogintzaren beharrak kontuan izanda, Sagardoa Route elkartea proposamen berri batekin dator: Euskal Sagardoaren online dastatze gidatuak eskaintzea. Olatz Mitxelenak eman dizkigu azalpenak.

Produktuen eskaintzari dagokionez, lehen berrikuntza izan da hau, baina egoera hobetzen doan heinean, aurtengo proposamen eta berrikuntzen berri ematen joango dira Sagardoa Route elkarteko kideak. Bertako jendeak eta kanpokoak sagardoaren kulturaz goza dezan aurtengo urtean ere.

 

NOAUA! Gaur egun gauden egoera ikusita, zentzuzkoa da zerbait berria pentsatu behar izatea. Baina, nola otu zitzaizuen dastatze gidatua online bidez egitea?

Olatz Mitxelena. Ardo munduan badaude halakoak, sagardo munduan oraindik ez. Gure eskaintza egokitzen ari ginela oso aukera polita iruditu zitzaigun bertako zein kanpoko bezeroek sagardoaz elkarrekin gozatzeko gune bat sortzea eta horri ekin genion.

 

Dastatze gidatu hauetako batean apuntatu nahi duenak zer egin behar du?

www.sagardoa.eus/eu/116-sarrera-ticketak web orrialdean sartu eta hementxe eros daitezke gure ekimenean parte hartzeko sarrerak, dastatzeak. Oraingoz maiatzean zehar eskainiko ditugu saioak, ostegunero 19:00etan hasi eta 45 minutuko iraupena izango du.

 

Zer izango da dastatze gidatu hauetan erakutsiko duzuena?

Mikel Garaizabal enologoaren gidaritzapean egingo dugu ikastaroa, eta jolas bat bezalakoa izango da. Euskal Sagardoa zer den azalduko digu, sagardoak guretzat duen garrantziaz arituko gara… Eta noski, sagardoak dastatzen ikasiko dugu gure zentzumenen arabera. Funtsean, tarte atsegin bat pasako dugu sagardoaren bueltan!

 

Zaila dirudi online bidez horrelako ikastaro bat burutzea. Hala ere, ondo funtzionatzen badu honekin aurrera jarraitzeko asmoa al duzue?

Uste baino errazagoa dela esango nuke. Hau konfinamenduaren hasieran jarri izan bagenu martxan, arrotzagoa egingo zen akaso. Baina momentu honetan, pantailari hitz egitea edo begira egotea gure egunerokotasunaren zati bat bihurtu dela ikusita, ez da hain zaila.

Aukera hau oso ona bihurtu dela iruditzen zaigu. Produktuak etxera bidaltzen dizkiogu bezeroari, aurrez aipatutako dastatzea erosten duen momentuan: hiru euskal sagardo botila eta hiru kopa, sagardoaz modu berezian gozatzeko.

Prozesu hau, sagardoa.eus webgunean daukagun Sagardoen online denda-ri esker bideratu ahal izango dugu. Eta beraz, dastatzea ez da horren birtuala bihurtzen, benetakoa baizik.

 

Enologo batek gidatzen ditu saioak

Ekimen telematiko honek sagardoaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Mikel Garaizabalek gidatzen ditu dastatze-saioak. Izena ematen duenak hiru Euskal Sagardo botila eskuratuko ditu. 15 euroren truke, “ikasi nola zerbitzatu eta sagardoaren zentzumen balioak ezagutu!”. Apirilaren 30ean egin zuten lehen online saioa. Maiatza amaitu bitarte, ostegunero antolatuko dute saio bana. Hauek dituzue xehetasunak:

 

Maiatzak 21 osteguna

  • 19:00etan.
  • Iraupena: 45 minutu.
  • Dastatzeko produktuak: Hiru Euskal Sagardo.

 

Maiatzak 28 osteguna

  • 19:00etan.
  • Iraupena: 45 minutu.
  • Dastatzeko produktuak: Hiru Euskal Sagardo.

 

Oharra: saio batzuk euskaraz izaten dira eta beste batzuk gazteleraz. Egun bakoitzean zehaztuta dator hizkuntza.

 

Sarrerak eskuratzeko:

www.sagardoa.eus

(egin klik estekan).