Krisi ekonomikoa hizpide gaur, Gure Eskuren hitzaldi digitalen bigarren zikloan

Bizi dugun osasun krisiaren aurrean hartu beharreko norabidea herritarrek erabaki behar dutela defendatuta, solasaldi digitalen zikloa abiatu zuen duela hilabete Gure Eskuk. Ekimenaren arrakasta ikusita bigarren edizioa antolatu du. Astearte honetan, krisi ekonomikoa izango dute hizpide.

Krisialdiak aurreko ereduetan sakondu edo bide berriak jorratzeko inflexio puntuak direla adierazita eta "norabide bat ala beste hartu, herritarrok erabaki beharko genukeela sinestuta", "Gelditu. Hausnartu. Erabaki" solasaldi digitalen zikloa abiarazi zuen Gure Eskuk joan den hilabetean. Maiatzaren 7ra arte luzatu zen zikloa; kultura, espazio publikoaren itxiera, gobernantza ereduaren krisia, elikadura eta kontsumoa, eta sistemaren krisia ahotan hartu zuten eremu anitzeko profesionalek. 

Gure Eskuren Youtubeko kanalak zuzenean eskaini zituen saio guztiok. Emanaldiak osorik aipatu kanalean dituzue ikusgai. Saio "hauen arrakasta ikusita, beste bost ataleko bigarren ziklo bat abiatu" zuen Gure Eskuk joan den ostegunean, "formatu berean: bi hizlari elkarren artean solastuko dira, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte".

"GELDITU. HAUSNARTU. ERABAKI"
Maiatzak 19, asteartea
19:00 "Krisi ekonomikoa: lehengo lepotik burua".
Hizlariak: 
Ainhoa Etxaide, LAB sindikatu Feminismo arduraduna
Joseba Barandiaran, ekonomialaria eta Euskal Ekonomisten Elkargoko kidea

Maiatzak 21, osteguna
19:00 "Teknologia: askatasuna eta kontrola" (gaztelaniaz).
Hizlariak:
Eva Rodriguez de Luis, ingeniaria eta teknologia berrietan aditua, Xataka atariko editorea
Gorka Julio, informatikari software-garatzailea, irakaslea eta Talaios Kooperatibako kidea

Maiatzak 26, asteartea
19:00 "Euskara: etxealditik etorkizunera begira".
Hizlariak: 
Kike Amonarriz, soziolinguista eta Euskaltzaleon Topaguneko lehendakaria
Mertxe Mugika, AEK-ko kidea eta koordinatzaile ohia

Maiatzak 28, osteguna
19:00 "Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea".
Hizlariak:
Ane Zabaleta, geologoa, zientzian doktore eta geodinamikan espezializatua; eta EHUko ikertzailea
Unai Pascual, Ikerbasque Ikerlaria (BC3), irakaslea, eta bioaniztasunaren galera ikertzeko IPBES adituen taldeko kidea (NBE)

Solasaldiak zuzenean ikusgai Gure Eskuk Youtuben duen kanalean. Hemen esteka: Gure Esku