Koronabirusa

Maskaren erabilera ezinbestekoa ostegunetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 21a, 08:10

Ostegun honetatik aurrera, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da, 6 urtetik gorako herritarren artean. 

Hasieran beharrezkoak ez, gero gomendagarriak eta orain ezinbestekoak. Derrigorrezkoa izango da maskaren erabilera aurrerantzean, txertorik ez dagoen artean, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren esanetan, birusaren transmisioa murriztu eta eteteko. Erabiltzea lehenestea eskatzen dutenak, sudurra eta ahoa estaliko duten maskara "higienikoak eta kirurgikoak" izango dira.

Estatuko Aldizkari Ofizialak gainera noiz eta non erabili beharko diren ere zehazten du. Aipatu aldizkariak asteazkenean plazaraturiko neurria, ostegun honetatik (hilak 21) indarrean izango da, eta hala segiko du, estatu alarma egoera osoan eta haren luzapenetan zehar; honenbestez, ekainaren 7ra arte gutxienez.

Non erabili beharko diren
Kalean, aire libreko espazioetan eta baita noski, erabilera publikoko espazio itxietan edo jendaurrearentzat zabalik izango diren guneetan, beti ere pertsonen arteko gutxieneko bi metroko tartea mantentzea ezinezkoa den kasuetan.

Aipatu moduan, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango dute 6 urtetik gorako herritarrek. Baina ohi den moduan, salbuespenak ere badira araudi berri honetan ere. Kasuotan, ez da ezinbestekoa edo derrigorrezkoa izango maskarak jantzita izatea:
-Arnasa hartzeko nolabaiteko arazoak dituzten pertsonen kasuan.
-Egoki arrazoitutako osasun arrazoiengatik maskaren erabilera kontraindikatua duten pertsonen kasuan, edota dependentzia egoeragatik edo BOE-ren esanetan "ezgaitasunen" batengatik bere jokabidea aztoratzea eragin dezakeelako, maskara janztea bideraezina den kasuetan.
-Maskaren erabilera ezinekoa egiten duten ekintzak.
-Ezinbesteko beste arrazoiengatik edo beharrezko egoeragatik.