Koronabirusa

Argi mozketak jendaurreko zerbitzua etengo du gaur udalean

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 21a, 08:29

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, argia moztuko du Iberdrolak ostegun goiz honetan; honenbestez, tarte horretan, jendaurreko zerbitzua etenda geratuko da udalean.

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, ostegun honetan, "argia moztuko du Iberdrolak Kaxkoan". Bi orduko etenaldia izango da, 8:30-10:30 artean. Ondorioz, "ez da aurrez aurreko harrerarik izango tarte horretan ez udaletxean ez gizarte zerbitzuetan".

Gogoan izan, maiatzaren 14az geroztik, zabalik da Udal erregistroako jendaurreko zerbitzua, baita Gizarte Zerbitzuetakoa ere. Baina bai batean zein bestean, kontsulta nahiz tramiteetarako bide telematikoa lehenesten segiko da.

"Deseskalatzerako" balizko datak
Une honetan duten informazioaren arabera, bai Espainiako Gobernutik zein Eusko Jaurlaritzatik jasotako irizpideak eta egoera orokorra aintzakotzat hartuta, eta segurtasun neurriak beteta asteotan zenbait zerbitzu martxan jarri asmo du Udalak. Covid19-aren eraginez bizi dugun itxialdian jardunari eutsi dion arren, azken hilabeteotan ezinbestean etendako hainbat zerbitzu berriz martxan jartzeko balizko lehen datak ezagutzera eman ditu, zerbitzuon etenaldiarekiko agertu duten jarrera ulerkorra eskertzearekin batera.

Datak:
Maiatzaren 14az geroztik:
-Udal erregistroko eta gizarte zerbitzuetako jendaurreko zerbitzua martxan. Aurrez hitzordua eskatu behar da telefonoz. Telefono deian kontsulta mota zein den azaldu beharko da. Kontsultei ahal den neurrian telematikoki erantzutea hobetsiko da. Hala ezin bada, aurrez aurreko hitzordua jaso ahalko du herritarrak, eta udal eraikinera sartu, beti ere norberak eramandako maskararekin. Ezingo balitz, bertan banatuko zaio.

Ekainak 1:
-Liburutegiaren mailegu sistema martxan jarriko dute.
-Potxoeneko lokalak herritarren erabilerarako irekitzea.
-Kultur ekintzen agenda berriz martxan.

Ekainak 15:
-Liburutegirako sarbidearen irekiera.
-Ekaina erdialdean, Oiardo Kiroldegiko gimnasioaren irekiera.

Data zehatzik gabe:
-Gaztelekua, taxi-busa, ludoteka, jubilatuen egoitzen edota Haraneren irekiera. Udala erabaki gehiago hartzeko moduan den unean, herritarrei jakinaraziko zaie.

Oharrak:
-Martxan jarritako zerbitzuak modu mugatuan eskaintzen hasiko dira, higiene araudia kontuan hartuta, aforoa kontrolatuta egingo da. Tokian tokiko protokoloa komunikatuko du Udalak.