Koronabirusa

Taxibus zerbitzu pertsonalizatua 65 urtetik gorakoentzat, astelehenetik aurrera

Usurbilgo "deseskalatze" prozesuan urrats berri bat; taxibus zerbitzua bidean izango da berriz, datorren astelehenetik aurrera. Baina aldaketekin; ordutegi zehatzik gabe eta 65 urtetik gorakoei zerbitzu pertsonalizatua eskainiko du.

Covid19-aren ondorioz hilabeteotan etenda izan den taxibus zerbitzua martxan jarriko du berriz Usurbilgo Udalak. Datorren astelehenetik (maiatzak 25) aurrera izango da. Baina aldaketekin Udaletik ohartarazi dutenez. Ez du orain arteko ordutegi ezta ibilbide zehatzik izango. 65 urtetik gorako herritarrei zuzendua egongo da soilik, hau da, adin tarte horretako herritarrek soilik baliatu ahalko dute  udal zerbitzua. "Bakarrik moldatuko ez balira, laguntzaile gazteago batekin joan ahal izango lukete", argitu du Udalak.

Erabiltzaileei zerbitzu pertsonalizatua eskainiko die taxibusak. Udal zerbitzua baliatzeko aurrez honako telefono zenbaki honetara deitu beharko da: 630 643 596. 

Udaletik argitu dutenez, "lan kargak ahalbidetzen duen heinean, horrela emango dute zerbitzua, behin-behinean".

"Deseskalatzerako" balizko datak
Une honetan duten informazioaren arabera, bai Espainiako Gobernutik zein Eusko Jaurlaritzatik jasotako irizpideak eta egoera orokorra aintzakotzat hartuta, eta segurtasun neurriak beteta asteotan zenbait zerbitzu martxan jarri asmo du Udalak. Covid19-aren eraginez bizi dugun itxialdian jardunari eutsi dion arren, azken hilabeteotan ezinbestean etendako hainbat zerbitzu berriz martxan jartzeko balizko lehen datak ezagutzera eman ditu, zerbitzuon etenaldiarekiko agertu duten jarrera ulerkorra eskertzearekin batera.

Datak:
Maiatzaren 14az geroztik:
-Udal erregistroko eta gizarte zerbitzuetako jendaurreko zerbitzua martxan. Aurrez hitzordua eskatu behar da telefonoz. Telefono deian kontsulta mota zein den azaldu beharko da. Kontsultei ahal den neurrian telematikoki erantzutea hobetsiko da. Hala ezin bada, aurrez aurreko hitzordua jaso ahalko du herritarrak, eta udal eraikinera sartu, beti ere norberak eramandako maskararekin. Ezingo balitz, bertan banatuko zaio.

Maiatzak 25:
-Taxibus zerbitzu pertsonalizatua 65 urtetik gorako herritarrentzat.

Ekainak 1:
-Liburutegiaren mailegu sistema martxan jarriko dute.
-Potxoeneko lokalak herritarren erabilerarako irekitzea.
-Kultur ekintzen agenda berriz martxan.

Ekainak 15:
-Liburutegirako sarbidearen irekiera.
-Ekaina erdialdean, Oiardo Kiroldegiko gimnasioaren irekiera.

Data zehatzik gabe:
-Gaztelekua, ludoteka, jubilatuen egoitzen edota Haraneren irekiera. Udala erabaki gehiago hartzeko moduan den unean, herritarrei jakinaraziko zaie.

Oharrak:
-Martxan jarritako zerbitzuak modu mugatuan eskaintzen hasiko dira, higiene araudia kontuan hartuta, aforoa kontrolatuta egingo da. Tokian tokiko protokoloa komunikatuko du Udalak.