Sagardo Eguna

Sagardo Egunari buruzko inkesta: “Urteko egun onenetakoa da”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 21a, 15:23

Sagardo Eguna ez dela egingo iragarri zuten duela hilabete. Espero bazen ere, albisteak tristura eragin zuen herritar askoren artean.  Pena handiz hartutako erabakia izan zela adierazi zuten antolatzaileek, baina egoera dagoen bezala ikusita egokiena hori zela ondorioztatu zuten.

 

NOAUA! Espero bazen ere, nola hartu duzu Sagardo Eguna ez egiteko erabakia?

Ander Orena: Egia da denok espero genuela erabakia, hala ere, komunikatu ofiziala ikusteak denoi eman digu mina, nik uste. Baina, hartu duten erabakia egokia iruditzen zait, hartu beharrekoa baitzen.

Izadi Azkonobieta: Antolakuntzatik duela aste batzuk hartu genuen erabakia, ez genuen ordea publiko egin nahi, zaila egiten zitzaigun onartzea, baina horrela izan behar zuen. Ez dago beste aukerarik. Nahiz eta erabaki gogorra izan, hartu beharrekoa izan da.

ANE AZKONOBIETA

“Erabakia pena handiz hartu dut, azken finean urteko egunik

gustukoenetakoa baita. Hala eta guztiz ere, erabakia erabat

ulergarria da”

Kinttin Segurola: Ondo hartu behar, ez baitago beste erremediorik orain bizitzen ari garen egoera dela eta.

Ane Azkonobieta: Erabakia pena handiz hartu dut, azken finean urteko egunik gustukoenetakoa baita. Hala eta guztiz ere, erabakia erabat ulergarria da eta bizitzen ari garen egoera ikusita ez da harritzekoa.

 

N. Sagardo Eguna antolatzen ibili al zara noizbait?

Ane: Ez, ez naiz inoiz antolakuntzan ibili. Oraingoz ez, botatzaile lanetan oso gustura aritzen naiz, antolakuntzan sartu gabe. Hori bai, egunean bertan lan asko egiten dugu.

Ander: Ez, antolakuntzan ez naiz ibili, baina egunean bertan goizean goiz joaten gara egunean bertan antolatu beharreko guztia antolatzeko. 8:00etan elkartzen gara eta mahaiak jartzeaz gain, sagardo itxurako kartoiak jarri, sagardoa mahai bakoitzean antolatu, izotzetan… lan asko izaten da. Egia esan, oraingoz ez dut pentsatu antolakuntza orokorrean sartzea, eskubaloia uzten dudanean, agian animatuko naiz.

Izadi: Otsailean hasten gara elkartzen urtero, hasieran bi astetik behin elkartzen gara, hasieran hartu beharreko erabakiak hartu eta martxan jartzeko. Martxoa erdialdera astero elkartzen joaten gara, pixkanaka dena lotzen joateko. Gauza asko dira lotu beharrekoak, Udalarekin, sagardo elkartearekin, egunean bertan esku bat botatzen diguten bolondresekin…

Azken bi asteak izaten dira gogorrenak, nerbioak dantzan izaten ditugu, gauzak mila aldiz errepasatu eta dena ondo ateratzea nahi baitugu. Egun handia iristean merezi izaten du denak.

Kinttin: Bai, askotan gainera. Aurretik dena antolatzen genuen eta egunean bertan materiala frontoira eraman,  mahaiak kokatu, kuboak izotzez beteta… Sagardoak bertan sartu, mahaiak kolotatu… Gainera garai hartan, egun guztian egoten ziren sagardo botatzaileak frontoian, azkenerako leher eginda bukatzen genuen. Nire ustez, orain egiten den bezala egokiagoa da lehengoarekin alderatuta.

 

Botatzaile izateko abilezia

NOAUA! Noizbait irabazi al duzu sagardo botatzaile onenaren saria? Gustatuko al litzaizuke?

Ane: Ez, ez dut irabazi. Ez daukat gogo espezialik, ondo pasatzen dut bestela ere eta gainera ez dut uste irabazteko trebetasun handirik dudanik kar, kar, kar.

Ander: Ez. Baina esan beharra dut, aurreko urtean irabazteko gutxi falta izan nuela, oso ondo ari bainintzen kar, kar, kar. Eta bai, gustatuko litzaidake oholtzara igo eta bertan sagardoa botatzeaz gain, onena izatea. Esperientzia berria izango litzateke kar, kar, kar.

Izadi: Kar, kar, kar... Ez naiz inoiz botatzaile atera, hori nire familiako batzuei uzten diet, nik baino askoz hobeto egiten dute eta!

Kinttin: Botatzailearena ez, ez zitzaigun tokatu, gu baino abilagoak baziren orduan ere. Baina, egia esan, gustatuko litzaidake. Hala ere, 1996an Sagardo Egunari irekiera emateko ohorea izan nuen, 10 urte bete bainituen botatzaile gisa. “Omenalditxoa” niri egin eta bertsoa kantatzeko ere niri eskatu, hau da hau marka kar, kar, kar. Baina polita izan zen.

 

Kinttin Segurola: “Lehen ere, alkandora zuria eta zapia jarrita ibiltzen ginen”

NOAUA! Gogoan al duzu Sagardo Egunean parte hartu zenuen lehen aldia?

Ane: Duela hiru urte izan zen, 2017.urtean. Botatzaile lanetan urtero ateratzen ziren ezagunek beti esaten zidaten oso ondo pasatzen zutela eta probatzera animatu behar nuela. Gainera, etxean sagardotegia izanda, aita dagoeneko erreleboa pasatzeko gogoz zegoen eta parte hartzera animatu nintzen, ustez gainera, botatzaile gazteena izan naiz. Oso esperientzia ona izan zen, ondorioz aurreko urtean ere parte hartzera animatu nintzen eta arazorik ez bada datozen urteetan ere parte hartzeko gogoz nago kar, kar, kar. Aurrenekoan lehengusu txikiarekin atera nintzen, lehengusua ez baitzegoen hemen. Hurrengo bi urteetan biok atera ginen, aurreko urteetan bera irteten zen nire aitarekin eta azken bi urte hauetan biok aritu gara.

IZADI AZKONOBIETA

“Pintxoak banatzen lau bat urte egon ginen eta ondoren antolakuntza taldean sartu ginen”

Ander: Lehen aldia orain dela 5-6 urte izan zen, 20 urterekin gutxi gorabehera. Koadrilako batekin izan zen eta ia urtero berarekin atera izan naiz. Ordutik, ahal izan dudanetan, beti atera izan naiz botatzaile gisa, beraz zerbait espeziala sortzen digulakoan nago. Atera ez naizen urteetan, eskubaloiko faseengatik izan da; urte batean nik jolastu nuelako eta bestean entrenatzaile bezala nengoelako.

Izadi: Bai noski. Koadrilako bat eta biok hasi ginen pintxoak banatzen. Bere ahizpa antolakuntzan zebilen eta laguntzeko jendea behar zutela esan zigun. Pintxoak banatzen 4 urte edo egon ginen eta gero antolakuntza taldean sartu ginen. Oso oroitzapen politak ditut, Sagardo Eguna beste ikuspegi batetik bizitu nuen lehen aldia izan zen, eta orduz geroztik “engantxatu” egin naiz.

Kinttin: Gogoan dut Loidirekin izan zela eta orain bezala, orduan ere, alkandora zuria eta zapia jarrita ibiltzen ginela.

Gogoan dut, urte batean, eguraldi oso txarra egin zuela Sagardo Egunean, eta egun horretan, bazkaldu ondoren, ni bakar-bakarrik jaitsi nintzela berriz ere frontoira zira trajea jantzita eta sagardoa zerbitzatzen ibili nintzela. Nire mahaiko sagardoa amaitzean, ondoko mahaira joan eta horkoak zerbitzatzen nituela. Denbora luzean ez zen beste botatzailerik azaldu bertara.

 

Ander Orena: “Urteko egun onenetakoa da”

NOAUA! Zer suposatzen du zuretzat Sagardo Egunak?

Ane: Sagardo Eguna dudarik gabe urteko egun onenetako bat da. Oso egun polita da eta urtero irrikitan egoten naiz iritsi dadin. Ederrena ez bada, ederrenetakoa da.

Ander: Niretzako, dudarik gabe, herriko egunik onena da. Festak ere onak izaten dira, baina, Sagardo Egunarekin ezin dira alderatu, egun honek zerbait berezia baitu herritarrentzat. Herrian dagoen ospakizun ederrena dela iruditzen zait, urtetik urtera hobetzen doana.

Izadi: Sagardo Eguna berezia da usurbildar guztiontzat. Askotan esan ohi dut guretzat Sagardo Eguna, donostiarrentzat Donostia Eguna bezalakoa dela. Urteko egunik ederrena, urduri jartzen gaituen eguna, mila zirrara pizten dizkiguna. Herritarrek herriarentzat egindako eguna.

Niretzat pertsonalki emozioz beteriko eguna da. Antolatze prozesua hasten denetik egunean bertan dena amaitu eta ondo atera dela ikusten den arte bizitzen diren sentsazio guztiak dira bereziak, ederrak.

Usurbilek horrelako festa bat izatea izugarria da, baina benetan hitzik gabe uzten nauena herriaren laguntza, inplikazio eta gogoa dira. Urtero ehunka pertsonen laguntza gabe, ez litzateke Sagardo Eguna posible izango, eta hori da, niretzat Sagardo Egunaren alderdirik ederrena, egun “magikoa” dela.

Kinttin: Sagardo Eguna ona izaten da, oso ona, gainera oraingoa lehengoa baino hobea. Urteko ospakizunik onentxoenetakoa dela esango nuke, onena.