Konfinamendua hizpide

Juantxo Esnaola, Santuenea: “Hemen ez dugu halako estuasunik izan”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 22a, 08:54

Herriko merkataritza hasi da suspertzen. Badira ordea, etenik egin ez duten saltokiak. Etxealdia edo konfinamendua hasi zenetik hona lanean jarraitzeko aukera izan dutenak. Horien artean da Santueneko Juantxo Esnaola. 

NOAUA! Santueneko denda bakarra da zuena. Bi hilabeteotan zabalik izan duzue. Lana handituko zitzaizuen, ezta?

Juantxo Esnaola. Keba, antzekoa izan da. Hemen ez dugu halako estuasunik izan. Ez da komuneko paperik agortu eta ez da halakorik izan hemen.

 

Legamiaren salmenta igoera ere igarri al zenuten?

Bai, eta egun batean zerbeza agortu zen. Baina hura gure errua izan zen. Bestela ez zuen faltatu beharrik.

 

Beraz, antzeko martxan aritu zarete.

Bai. Jendea etxean dagoenez, kontsumoa handitu egin da. Hori nabaritu dugu. Etxean dagoenak etxean jaten du. Baina bestetik, egunero etortzen den emakumea ez da etorri.

 

Zergatik ez da etorri? Etxetik ateratzeko beldur delako?

Hori da. Eta zer gertatu da? Bere seme-alabak ez direla hona etorri, haiek ere handietara joan dira. Eguneroko bezero horiek faltan bota ditugu.

 

Baina lehen etortzen ez zen bizilagunen bat hurbilduko zen egun hauetan, ezta?

Lehenengo astean bai. Batzuk azaldu ziren, behin ere azaltzen ez direnak. Eromena huraxe izan genuen. Lehen aste hartan eta hurrengokoan ere bai.

 

JUANTXO ESNAOLA

“Jendea etxean dagoenez, kontsumoa handitu egin da. Baina bestetik,

egunero etortzen den emakumea ez da etorri. Eta bere seme-alabak

handietara joan dira”

Jendea urduri zebilen eta behar baino gehiago erosten zuen gainera.

Orduantxe egon zen mugimendua, bestela, guk normal-normal egin dugu lan.

 

Marratxoak jarri dituzue lurrean. Eta  ‘Hiru lagun baino ez’ kartela duzue denda atarian ipinia. Ilarak sortuko ziren dendaren kanpoaldean.

Bai, baina azkeneko orduan. 9:30-11:00ak artean oso jende gutxi ibiltzen da. Oso gutxi. Jendeak ez du jende askorekin egon nahi, eta iruditzen zaio azken momentuan, jende gutxiena orduan ibiliko dela. Eta alderantziz da. Esanda alperrik da. Ez dugu horrelako estuasunik izan. Lana egin dugu, bai, baina gehixeago saldu bada kontsumoa igo delako izan da.

 

Denda barruan hiru pertsona bakarrik atenditu ditzakezue. Jendeak ondo bete al ditu segurtasun neurriak?

Bai, ez dugu inongo arazorik izan. Jendeak errespetatu du. Gainera gehienak maskararekin etorri dira. Ondo.

 

“Saltoki handiak izan dira ondoen atera direnak”

NOAUA! Bertakoa eta gertukoa gehiago baloratuko dugu aurrerantzean. Hori diote batzuk. Ados al zaude?

Juantxo Esnaola: Ezta bat ere.

 

Lehengora itzuliko  gara.

Dudarik gabe gainera. Bi hilabeteotan, zeinek irabazi du? Saltoki handiek. Handiek irabazi dute. Ikusi al duzu ofertarik egun hauetan? Semana sin IVA edo antzekorik? Ez dute oferta alerik egin. Zergatik? Asko saltzen ari direlako. Ondoen atera direnak handiak izan dira.

 

Jendeak ere handietara joko du hortaz.

Gu auzoko despentsa gara. Etxean, azken orduan ezer falta bada –irina edo ogiren bat–, badakite hemen gaudela. Baina badago beste kliente mota bat. Fidela dena, bizitza osoan etorri dena. Harek mantendu gaitu. Auzora etortzen den jende berria ez da hemen azaltzen. Oso gutxi. Handietara joaten da, asteko erosketa egitera.

 

Eta zure bezero fidelen artean, baten batek eskertu al du asteotan egin duzuen lana?

Baten batek bai, eskertu du gure lana.