Koronabirusa

Herri merkataritza eta ostalaritza sustatzeko bonoen araudia kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 22a, 10:14

Herritarrek laster gertuago.eus atari berritik erosi ahalko dituzten bonoen bidez, "tokiko kontsumoa sustatu eta establezimendu hauen kalteak leuntzen lagunduko dute". 

Covid19-aren ondorioz galera ekonomikoak izan edo establezimendua itxi behar izan duten herri merkataritza eta ostatalaritzari bultzada emateko bonoak erosi ahalko dira hilabeteotan. Sistema hau arautzen duten oinarriak kaleratu ditu Udalak ostiral honetako (maiatzak 22) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. "Covid-19ak ez ditu areagotu baino egin, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak bizirauteko zailtasunak", ohartarazi du Udalak.             

Deialdi honekin, "Usurbilgo Udalak herrian, besteren artean, alarma egoera honetan itxita dauden merkataritza, jatetxe eta sagardotegi eta zerbitzuetako establezimenduak laguntzea du xede, erosketa bonoen bitartez".   

Bono hauen salerosketarako gertuago.eus online plataforma martxan jartzeko lanean ari da Usurbilgo Udala. "Arropa eta modako osagaien salmenta, ile-apaindegiak eta estatika zentroak, liburu denda, osasun zerbitzuak, jatetxeak eta sagardotegiak dira bonoen onuradunak izango diren establezimenduen jarduerak", iragarri du Udalak.

Bonoen salerosketa sistema honetatik kanpo geratuko dira, ostalaritza establezimenduak. Gogoan izan, sektore honi zuzendutako aparteko eta presazko diru-laguntza lerroa iragarri duela Udalak.

"Herritarrek herriko establezimenduetan erabiltzeko bonu txartelak erosiz, tokiko kontsumoa sustatu eta establezimendu hauen kalteak leuntzen lagunduko dute".  Bono hauek, bizi dugun larrialdi egoera amaitzean erabili ahalko dira. 

%20ko deskontua
20.000 euro bideratuko ditu Udalak egitasmo honetara. Bada kontuan hartu beharreko beste ezaugarri bat ere; establezimendu bakoitzean, gehienez 2.000 euro xahutu ahalko dira bonoekin. Herritar bakoitzak gehienez bonoen bidez 1.000 euro gastatu ahalko ditu; 20, 50 eta 100 euroko bonoak izango ditu eskuragarri. 

Egitasmoarekin bat egiten duten saltokiek gertuago.eus atarian alta eman eta bertan "komertzioaren profila editatuko da". Bonoak erosteko ere webgune berean erregistratu beharko du herritar bakoitzak. Bono bakoitza %20ko deskontuarekin eskuratu ahalko du, deskontua Udalak bere gain hartuko du. 

Kanpaina urte amaierara arte, abenduaren 31ra arte luzatuko da. Egitasmo honetan parte hartu nahi duten saltokiek egin beharrekoaren berri agitara eman du ostiral honetan (maiatzak 22) Usurbilgo Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bertan dituzue xehetasun guztiak.