Koronabirusa

Usurbilgo jaiak antolatzeko bilera irekia astelehenean

Egun bizi dugun egoerara egokituriko Usurbilgo festak antolatzeko lanak bideratzen ari da Jai Batzordea. Herritarren ekarpenak jasotzeko bilera irekia deitu du astelehenerako (maiatzak 25) 18:00etan Udarregi Ikastolan.

Osasun krisialdira egokituriko Santixabelak izango ditugula erabaki zuen Jai Batzordeak maiatzaren 11n egin zuen bilkuran. Orain herritarren ekarpenak bildu nahi dituztenez, batzordea are jende gehiagorengana irekitzea erabaki dute. Horretarako deitu dute Usurbilgo festak antolatzeko bilera irekia, astelehen honetan (maiatzak 25) arratsaldeko 18:00etan Udarregi Ikastolan.

Covid19-a tarteko etenda geratu da herri bizitza hilabeteotan; tartean baita uztailaren 1etik 5era ospatzekoak ziren Usurbilgo festen antolakuntza lanak. Konfinamendu aurretik, Jai Batzordea biltzen hasia zen; aipatu moduan, festen datak finkatu zituzten, ekitaldiak ere proposatzen hasiak ziren bilgunean parte hartzen duten eragile eta norbanakoek.

Beste molde bateko festak
Eta covid19-arekin batera etenaldia heldu zen. Hilabete hasieran, Eusko Jaurlaritzak ekainaren 1etik aurrera udako festa nahiz kultur ekitaldien kudeaketa tokian tokiko antolatzaile eta udalen esku utzi zuen. Egoerak baimendu zuenean, maiatzaren 11tik aurrerako astean Usurbilgo Udalaren Kultura Sailak bilera erronda deitu zuen arlo honetako eragileekin. Lehen hitzordua hain zuzen, Usurbilgo Jai Batzordearekin finkatu zuen. 

Eta bai, festak ospatzea erabaki zuten; osasun krisialdira egokituko Santixabelak izango ditugula, baina ez aurreko edizioetan ospatu izan ditugun moduan. "Festen antolakuntzari beste forma bat ematea erabaki dute. Beraz, festak ospatu, ospatuko dira, nahiz eta beste formatu eta ezaugarri batzuekin izan", berri eman dutenez.

Datozen bileretan zehaztekoak dira, "osasun krisira egokitutako Santixabelen eredua". Lehen hitzordua, aipatu moduan, astelehenean (maiatzak 25) 18:00etan Udarregi Ikastolan.