Apirila hasieratik sirena hotsak entzun ditugu astero, covid19-arekin batera, erraustegiagatik ere alarma egoeran garela gogorarazteko. Azaroa amaieraz geroztik kea darion erraustegia ofizialki "probaldi fasean" da. Alarma egoera eteten den unetik aste gutxira, Eusko Jaurlaritzan egin beharreko tramitazioa burututa, Zubieta gaineko planta piztu nahi duela adierazi du asteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Tartean, gogoan izango duzue, maiatzaren 9an ehunka arrain hilik agertu ziren erraustegi ondotik igarotzen den Zubietako Arkaitzerrekan. Erraustegia ixtearekin batera, aipatu errekan jazotako isuria argitzeko ikerketa independentea exijitzeko deitu dute igande honetako (maiatzak 24) "sirenaldia". Ohi bezala, eguerdiko 12:00etan sirena hotsak pizteko gonbita luzatu da.
"Maiatzaren 9ko istripu kimiko larriaren ikerketa independentea eta baimenik eta bermerik gabeko erraustegia itxi! Denok balkoietara! Ez bagara mugitzen, ez badugu nahiko hotsik egiten, gure etorkizuna erre eta pozoinduko digute! Partekatu!", eskatu dute deitzaileek.
Duela astebeteko "sirenaldian" hain zuzen, etxeko txikienei koloretazko arrainak marraztu eta zintzilikatzera deitu zituzten, "ehunka arrain hilda, ehunka marrazki koloretsu balkoietan" aldarripean.