Jakin Jardunaldiak uztailaren 16an egingo dira, 'Birusak, distopiak eta mundu berriak' lelopean

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 25a, 10:39

COVID-19 gaitzaren ondoren, "etorkizuna irudikatzeko ditugun usteak eta tresnak" aztertuko ditu aurtengo Jakin Jardunaldiak. Izena emateko epea zabalik dago baina segurtasun neurriengatik lekua mugatuko da. 

"COVID-19ak agerian utzi ditu gure gizartearen gaitzak eta horiei erreparatuko die Jakin Jardunaldiak, etorkizunera begirako hausnarketan". Horretarako, zortzi aditu batuko dira uztailaren 16an Usurbilen: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrieta. "Jardunaldirako prestatutako beste autoreen testuak eta bideoak ere erabiliko ditugu, denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, ate joka dugun etorkizunaz gogoetatzeko".

 

Egun bakarrean egingo da aurten

Segurtasun neurriak ahalik eta modu egokienean bermatzeko, egun bakarrera mugatu dute jardunaldia: uztailaren 16an izango da Usurbilgo ikastolan, "areto zabal eta egoki batean. Hala ere, lekuak mugatu beharrean izan gara, eta ohi baino entzule gutxiagok hartu ahal izanen dute parte", Jakinetik aditzera eman dutenez.

Izena emateko epea zabalik dago UEUren udako ikastaroen atalean. Hemen: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroak

 

Egitaraua

  • 09:00 Harrera.
  • 09:30 Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria): Gaiaren kokapena.
  • 10:00 Mario Zubiaga (EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea): Izu-urtea: Biopolitika COVID-19 birusaren garaian.

 

  • 10:45 Kafea.

 

  • 11:00 Arantza Etxeberria (EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea): Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura.
  • 11:45 Joseba Azkarraga Etxagibel (EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea): Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban.
  • 12:30 Irati Zubia (Filosofian graduatua): Egia-ostea ziurgabetasun garaian.

 

  • 13:30 Bazkaria.

 

  • 15:00-15:45 Teresa Larruzea (Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatean): Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar.
  • 16:00-17:30 Tailerra: Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak (Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea).