Koronabirusa

Errigoraren produktuen banaketa ekainean

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 08:21

Otsailaren 27tik martxoaren 12ra bitartean, Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak eskatu zenituztenontzako oharra. Oliba olioa, barazki kontserbak, arroza eta pasta, dena batera banatuko du Errigorak ekainaren 4tik aurrera. 

Berez, oliba-olioaren banaketa apirilean bideratu asmo zegoen. Barazki-kontserbak, arroza eta pasta banaketa berriz amaitzear den hilabete honetan. Covid19-ak ordea prozesua atzeratu bai, baina “Errigoraren auzolana ez da eten”. Iragarri dutenez, ekainaren 4tik aurrera “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainako produktu guztiak txanda bakarrean helarazteko lanean ari dira. Xehetasun gehiago egunotan jakinaraziko dituzte.

Banaketa ohiko guneetan egin ezin duten kasuetarako leku berriak bilatzen ari dira. “Era berean, gure komunitatearen osasuna zaintzeko eta guztiok produktuak jasotzen ditugula bermatzeko beharrezko diren neurriak aztertzen jarraituko dugu. Errigoraren komunitatea ere ikasketa prozesuan murgildu du egoera berezi honek, lehengo bideari eusteko tresna berriak asmatzen, inoiz baino argiago ikusten baitugu komunitatea indartzea helburu duten auzolan ariketak eta bestelako ekoizpen eta kontsumo ereduak ezinbestekoak direla, gure ingurua babesteko eta elkar zaintzeko”. Informazio gehiago, errigora.eus atarian.

"Gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat"
Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak urte osorako izateko helburuz datorkigu bueltan Errigoraren udaberri parteko “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainaren edizio berria. "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpaina gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat da: Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estrarekin, kontserbekin, arrozarekin eta pastarekin urte guztirako despentsa betetzea proposatzen dizugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta produktuok zure herrian jasotzeko aukera emanez".

Aurtengoan ere esku bete produktu eskuratu ahal izan dituzue: oliba-olio birjina estra ekologikoa eta konbentzionala (5 litroko bidoiak); kontserba ekologikoak nahiz konbentzionalak (zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak eta kremak. 12 ontziko sortetan eskuragarri), eta pasta ekologikoa (“stock” mugatua, eskaerak errigora.eus bidez soilik). Guztia, “euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan”. Gogoan izan, produktuok salduz jasotako laguntzaren zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertzera bideratuko da.

Online bidezko ordainketa, ahal den heinean
Produktu guztiok martxoaren 12ra eskatu ahal izan zenituzten NOAUA! bidez edota online errigora.eus atarian sartuta. Bi txandatan jasotzekoak zineten: oliba-olioa apirilean; kontserbak, arroza eta pasta maiatzean. Baina covid19-aren eraginez prozesua ekainera arte atzeratu egin behar izan da. Ordainketak produktuok NOAUA!ra heldu eta jasotzerakoan egin beharko dira. Halere, Errigoratik, emailak bidaltzen hasiak dira produktuak eskatu dituztenei, ordainketak ahal den heinean online bidez egin ditzaten. Informazio gehiago, errigora.eus atarian.