Euskaraldia

Gure Eskuk antolaturiko "Euskara: etxealditik etorkizunera begira" solasaldi digitala 19:00etan

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 13:36

Gure Eskuk antolaturiko "Gelditu. Hausnartu. Erabaki." solasaldi digitalen bigarren zikloaren baitan euskara hartuko duten ahotan astearte honetarako (maiatzak 26) 19:00etan iragarri duten zuzeneko saioan. "Euskara: etxealditik etorkizunera begira" izenburupeko hitzorduan parte hartuko dute Kike Amonarrizek eta Mertxe Mugikak.

Bizi dugun osasun krisiaren aurrean hartu beharreko norabidea herritarrek erabaki behar dutela defendatuta, solasaldi digitalen zikloa abiatu zuen duela hilabete Gure Eskuk. Ekimenaren arrakasta ikusita bigarren edizioa antolatu du. Astearte honetan, "Euskara: etxealditik etorkizunera begira" solasaldia.

Arratsaldeko 19:00etan jarraitu ahalko duzue zuzenean, Gure Eskuren Youtubeko kanaletik edota albiste honi atxikia duzuen bideotik. Bi solasakide gonbidatu ditu erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak hitzordu honetara; Kike Amonarriz soziolinguista eta NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleon Topaguneko lehendakaria; eta Mertxe Mugika, AEK-ko kidea eta koordinatzaile ohia.

Bigarren zikloa
Krisialdiak aurreko ereduetan sakondu edo bide berriak jorratzeko inflexio puntuak direla adierazita eta "norabide bat ala beste hartu, herritarrok erabaki beharko genukeela sinestuta", "Gelditu. Hausnartu. Erabaki" solasaldi digitalen zikloa abiarazi zuen Gure Eskuk joan den hilabetean. Maiatzaren 7ra arte luzatu zen zikloa; kultura, espazio publikoaren itxiera, gobernantza ereduaren krisia, elikadura eta kontsumoa, eta sistemaren krisia ahotan hartu zuten eremu anitzeko profesionalek. 

Gure Eskuren Youtubeko kanalak zuzenean eskaini zituen saio guztiok. Emanaldiak osorik aipatu kanalean dituzue ikusgai. Saio "hauen arrakasta ikusita, beste bost ataleko bigarren ziklo bat abiatu" zuen Gure Eskuk joan den ostegunean, "formatu berean: bi hizlari elkarren artean solastuko dira, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte".

Krisi ekonomikoa, edota teknologia gaiak jorratu dituzte azken asteotan; Gure Eskuren Youtubeko kanalean dituzue ikusgai solasaldi guztiak.

"GELDITU. HAUSNARTU. ERABAKI"
Maiatzak 26, asteartea
19:00 "Euskara: etxealditik etorkizunera begira".
Hizlariak: 
Kike Amonarriz, soziolinguista eta Euskaltzaleon Topaguneko lehendakaria
Mertxe Mugika, AEK-ko kidea eta koordinatzaile ohia

Maiatzak 28, osteguna
19:00 "Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea".
Hizlariak:
Ane Zabaleta, geologoa, zientzian doktore eta geodinamikan espezializatua; eta EHUko ikertzailea
Unai Pascual, Ikerbasque Ikerlaria (BC3), irakaslea, eta bioaniztasunaren galera ikertzeko IPBES adituen taldeko kidea (NBE)

Solasaldiak zuzenean ikusgai Gure Eskuk Youtuben duen kanalean. Hemen esteka: Gure Esku