Ekainak 1-5

Zumarte Musika Eskola: "Matrikulazio guztia online egin nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 08:16

Ekainaren 1ean zabalduko da 2020-2021 ikasturtean matrikulatzeko epea. Aitzakia honekin, Zumartekoengana hurbildu gara.

NOAUA! Matrikulazioa nola osatu behar da? Soilik online edo presentzialki egin ahal izango da?

Zumarte Musika Eskola: Duela bi urte matrikulazioa online egiteko aukera zabaldu genuen eta harrera oso ona izan zuen. Oraingoan ere, herritar eta langileon osasuna bermatu nahian,  matrikulazio guztia online egin nahi dugu. Hala ere, matrikulazioa presentzialki egiteko aukera izango da: ekainak 2 asteartea (arratsaldez, 17:00-19:30) eta ekainak 4 osteguna (goizez, 10:00-13:00). 

 

Laburbilduko al zeniguke zein den Zumarte Musika Eskolaren eskaintza akademikoa?

Guk Zumarten eskaintza anitza dugu: Musika Txokoa (gaztetxoenentzat), Musika Mintzaira (ez hain gaztetxoentzat), tronpeta, tronboia, saxofoia, bonbardinoa, biolina, perkusioa, klarinetea, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra,  flauta, organoa,  abesbatza eta talde instrumentalak.

Matrikulazioa online egitea hobetsi dute. Baina presentzialki egiteko aukera izango da: ekainak 2 asteartea arratsaldez, 17:00-19:30. Ekainak 4 osteguna goizez, 10:00-13:00

Konfinamenduan, ikasleek entseatzen jarraitu dute etxean eta Zumartek sare sozialetatik zabaldu ditu entseguak, ezta?

Egoera oso-oso zaila izan da denontzat, noski, bat-batean etorri zitzaigun, aurretik ezer prestatu eta aurreikusi gabe. Hasiera batean klase-dinamika bat hasi genuen  (bideoak elkar bidali-erantzunez...), baina, irakasleak buru-belarri lanean jarri eta gurasoen eta ikasleen inplikazioarekin klaseak on-line, zuzenean, ematen hasi ginen eta horrela jarraitzen dugu. Horrek baditu bere zailtasun teknikoak eta pertsonalak ere, baina orokorrean, erantzuna oso ona izan dela esan dezakegu eta oso aberasgarria ere; ikasleek denbora, gogo edo behar gehiago dute musika-instrumentua ikasi-jotzeko eta musika barrutik bizi-sentitzen duten ikasle askoren erakusleihoa izan da. Horretan guztian, batez ere ikasle gazteenen kasuan gurasoen laguntza ezinbestekoa izan da eta benetan, eskerrik asko eman duten laguntza guztiagatik!

 

Ikasturte berria, egoitza berrian

Zumarteren egoitza berria uztailean ziren amaitzekoak. Baina birusarekin eraikuntza sektorea geldi egon da bolada batez. Baduzue aurreikuspenik?

Zumarteko egoitza uztailean amaitzekoa zen, bai, baina denok dakigun bezala birusa zela eta pare bat astez obra geldirik  egon zen. Hala ere, Udalak ikasturtea bertan hasteko moduan egon gaitezkeela adierazi digu eta ea horrela den. Hala ere, ekipamenduaren hornikuntzan arazoak egon daitezke eta birusaren inguruan Eusko  Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik egon daitezkeen protokoloak aplikatzeak sortu ditzakeen egokitzapenak ere zer ikusia izango du. 

Horrez gain, Europako Musika Eskolen Elkarteak gai honen inguruan ekainaren 6an eskainiko duen ikastaro-foroan parte hartuko dugu, bertan egongo diren espezialistek ematen dituzten aholku-iradokizunak entzun eta aztertzeko asmoz, gero gurean aplikatu ahal izateko. 

 

 

Ikasturte amaierako kontzertuak

COVID-19ak bete-betean harrapatu zuen Soinurbil, Zumarte Musika Eskolak antolatzen duen zikloa. Hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan zituzten. “Hala ere, talde guztiak aurrerago beraien emanaldiak egiteko prest eta gogotsu agertu ziren eta hori da jarrera, aurrera egin  behar dugu kultura eta musikaren munduan”, adierazi digute Zumarte Musika Eskolakoek.

Bestalde ikasturte bukaeran kontzertuak egin ohi dituzte. Ikasturte bukaera  honetan ere egingo da, baina nola? “Hori prestatzen ari gara orain, ikusiko duzue”.

 

2020-2021 ikasturterako matrikulazioa

    • Datak: Ekainak 1-5 bitarte.
    • Ordutegia presentzialki: Asteartean: 17:00-19:30. Ostegunean: 10:00-13:00.
    • Eskaintza: Musika Txokoa, musika mintzaira, tronpeta, tronboia, saxofoia, biolina, perkusioa, klarinetea, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra, flauta, organoa, abesbatza eta talde instrumentalak.
    • Matrikula nola egin: on-line datuak bete www.zumarte.eus orrian edo “2020-2021 Matrikulazio inpresoa” eskuz bete (Zumarten eskatu, 943371594) eta Zumarteko bulegoan entregatu (Puntapax 10, behea).
    • Ordainketa: Plaza kopuruen zozketak egin eta onartutako ikasleen zerrendak argitaratu ondoren, adierazitako kontu korrontetik, ikaslea onartua izan den ikasgaien matrikularengatik ordaindu beharreko tasaren %10 kobratuko zaio ekaina bukaeran, %40 iraileko lehen astean eta %50 abendua hasieran. Lehengo urteko matrikulen eta kuoten prezioa mantenduko da.
    • Plaza banaketaren arautegia aplikatuko da.
    • Matrikulen prezioak, hobariak, Instrumentu-Musika Txoko-Abesbatzako ordutegiak...  zumarte.eus web orrialdean ikusgai.