Balio juridiko edota historikoa galdu duten Gizarte Zerbitzuetako hainbat espediente suntsitzea erabaki zuten ostegunean egin zuten osteguneko udalbatzar telematikoan; 23 mota ezberdinetako 1.427 espediente eta 77 kutxa deuseztea hain zuzen. Proposamenaren alde bozkatu zuten EHBilduko udal ordezkariek; PSE eta EAJ-ko kideak abstenitu ziren.
Urte amaieran hasitako prozesu luzea
Udal artxibategian duten espazio falta eta segurtasun neurrien gabezia arazo bilakatu zaie. Arazo honi aurre egiteko, gunea txukundu eta bertan zer duten diagnostikatzeko prozesua abiarazi zuen Udalak joan den urte amaieran. Etorkizunean balio informatibo edota historikoa zuten espedienteak betiko gordetzea erabaki zuten artxibategian. Aldiz, balio juridiko edota historikoa galdua zutenak suntsitzea. Lehen fase hartan, 2019. urte amaieran, Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (44 kutxetan jasotako 834 espediente) eta oinarrizko errentaren laguntza eskatzeko espedienteak (259, 15 kutxetan jasoak daudenak) xahutzea onartu zuen udalbatzak.
Ostegun honetako udalbatzarrean, zuten balioa galdu duten espediente gehiago suntsitzea erabaki dute. Udal gobernu taldetik iragarri dutenez ordea, "prozesu luzea izango da". Eta halako erabaki gehiago proposatuko dituztela aurreratu zuten. Dokumentuak Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeak ezarritako irizpideekin, gardentasunez eta erregistro eta kontrol zehatza bermatuz jorratuko dute prozesu hau.