Udalbatzarra

Kalezarko adinekoen auzune berriaren proiekturako Matiak eskatutako hobaria onartua

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 09:36

Kalezarko adinekoen auzune berriaren proiektuari %50eko hobaria aplikatzea eskatua dio Matia Fundazioak Usurbilgo Udalari. Osteguneko udalbatzarrak eskaera onartutzat jo zuen. Gai hau atzoko saioan jorratzea aurreikusia ez zegoenez, gai zerrendan txertatzea bozkatu eta onartu behar izan zuen udalbatzak.

Ordenantza fiskaletan jasoa duten moduan, interes bereziko edo udal onurarako proiektutzat jotzen du Usurbilgo Udalak, etorkizunean Kalezarren kokatuko den adinekoen auzune berria. Honenbestez, Matia Fundazioak eginiko %50eko hobari eskaerari baiezkoa eman zioten gehiengo osoz udal ordezkariak telematikoki elkartu zituen osteguneko udalbatzarrean. EHBilduko eta EAJ-ko kideek alde bozkatu zuten; abstentziora jo zuen PSE-ren zinegotziak.

Ez da ordea proiektu honi aplikatuko zaion hobari bakarra izango; Udalak indarrean dituen ordenantza fiskalen baitan, udalbatzak onartu beharrik izan gabe, automatikoki irisgarritasunagatik eta energia efizientziagatik ere %90-95 arteko hobariak aplikatuko dizkiote proiektu honi. Orain baita Matiak eskaturiko %50ekoa; hau bai udalbatzarrak onartu beharra zuen.

Hauekin batera ordenantza fiskaletan aldaketa bat egitea aztertzen ari da udal gobernu taldea, osteguneko udalbatzarrean berri eman zuenez. Proiektu honek enplegua ere sustatzen duen neurrian, eta "Covid19-ak eragindako krisia kontuan hartuta", lanpostu berriak sortzeagatik ordenantza fiskaletan jasoa ez dagoen hobaria aipatu proiektuari aplikatzeko aukera aztertuko du udal gobernu taldeak.

Proiektu integratzailea
Udal onurako eta bizi dugun osasun krisialdi honetan agerian geratu den moduan, beharrezko proiektutzat jo zuen Lur Etxeberria zinegotziak Kalezarko adinekoen auzune berria. "Covid19-ak eragindako egoera larri honek bistan utzi du adinekoen zaintzan krisi argi bat dagoela. Zer baztertuak, isolatuak, egoera erabat triste eta larrian izan ditugun argi ikusi da. Sistema honek gabezia bat duela argi geratu da; zer pentsatua eman behar digu, zaintza eredua aldatzera eraman behar gaitu".

Testuinguru honetan, adinekoak etxean bezala sentiaraziko dituzten bizi proiektuak ezinbestekotzat jo zituen EHBilduren zinegotziak osteguneko udalbatzarrean eta hor kokatu zuen hain zuzen, etorkizunean Kalezarrek izango duen auzune berria. Hainbat tokitan hedatua dagoen Europa iparraldetik gure artera ekarritako proiektua, "integratzailea da arkitektonikoki eta sozialki". 

Hitzarmen soziala lantzen
Orain arteko eredua iraultzen du aipatu egitasmoak. Orain arteko gela soil eta pasillo zabalen ordez, pertsonen autonomia bultzatuko duten appartamento txikiak izango ditu. Goxotasuna, berotasuna eskainiko duen egurrak presentzia nabarmena izango omen du eta inguruarekin, herriarekin integratua egongo da. 

Sozialki ere integratzailea izango da honenbestez Kalezarko proiektua; udal gobernu taldetik osteguneko udalbatzarrean iragarri zutenez, "Udala hitzarmen sozial bat lantzen ari da Matiarekin". Hitzarmen horren baitan besteak beste, sortuko diren lanpostuetan usurbildarrek lehentasuna izatea bultzatu nahi dute, elikaduraren ikuspuntutik bertako produktuak lehenestea, euskara eta generoa kontuan hartzea...