Merkataritza hizpide

Otar-Goxo denda: “Bezeroarekin duzun konfiantza oso inportantea da”

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 30a, 09:26

COVID-19 birusaren ondorioz, asko aldatu dira gauzak. Erosketak egiteko modua, esate baterako. Garai zailak izan dira bezeroentzat, maiz zain egon behar izan dutelako. Eta akaso are zailagoak janari dendetako langileentzat. Segurtasun neurriak betetzen eta bezeroak ondo atenditzen ahalegin bikoitza egin behar izan dutelako.

 

NOAUA! Etor zitekeela jakin arren, konfinamenduak ezustean harrapatu gintuen denoi, edo ia denoi.  Zuek hala ere, telefono bidezko zerbitzua jarri zenuten martxan. Jende askok baliatu al du eramateko zerbitzua?

Patxi Iparragirre. Lehendik ere zerbitzu hori ematen genuen, baina konfinamendua hasi zenean indartzeko beharra ikusi genuen. Oso zaila egiten zitzaigulako jende guztia hona etorri eta ilaran zain egon behar izatea. Oso deserosoa izateaz gain, oso biolentoa egiten zitzaigun.

 

Hasieran gainera, denda guztiak gainezka egon ziren.

Konfinamendua ezarri bezperan, martxoaren 13an eta 14an, oso zaila izan zen lan egitea. Zergatik? Jendeak beldurra sartuta zeukan barruraino, lokal guztiak beteta, eta herritarrek erosketak egin nahi zituzten.

 

OTAR-GOXO

“Ilara luzeak bereziki jai bezperan eman dira. Baina jendeak oso ondo erantzun du”

 

Urduritasuna nagusi zen egun haietan.

Bitxikeria bat kontatuko dizut. Gizon bat hasi zen eztulka, eta denda topera zegoen.  Gizona oso ondo zegoen, baina segituan konturatu nintzen jendea kezkatzen hasia zela. Hori ikusita, saiatu behar ginen jendea ez pilatzen. Argi neukan ez nuela egoera hori bizi nahi.

 

Eta hasierako egun haietan, bezeroak denda ataritik atenditu zenituzten.

Nik argi neukan. Jendea ezin zen denda barrura sartu.Kanpotik eskatu behar zuen. Lehen bi egunetan horrela aritu ginen. Baina kristoren ilarak sortu ziren eta orduan hasi ginen bezeroak binaka hartzen. Zeren jendeak gauza gehiago eskatu nahi zituen, erakusleihoetan zer zegoen begiratu... Eta bezeroak binaka hartzen hasi ginen. Orain hala egiten dugu. Bi bezero sartzen dira: bat hemen eta bestea han, punta banatan.

 

Jendeak, orohar, ondo erantzun al du?

Oso ondo. Jende guztiari behartzen diogu eskuak garbitzea. Eta bestetik, bezero askok telefono bidezko zerbitzua erabili dute. Telefonoa atenditu, eskatutakoa prestatu, banatu... Lanak handitu zaizkigu.

 

“Jendeak errespetu handia hartu die superfizie handiei”

NOAUA! Konfinamendua arintzearekin batera, egoera apaltzen hasiko zen, ezta?

Patxi Iparragirre. Lehen bi-hiru asteak oso itogarriak izan ziren. Gero pixkanaka-pixkanaka, joan gara neurria hartzen. Azkenean, lan gehiago egiten duzu baina mantsoago. Gehienez ere bi bezero sartu daitezkeenez, luzatu egin da erosketa denbora.

Ilara luzeak bereziki jai bezperan eman dira. Baina jendeak oso ondo erantzun du.

 

“Bertakoa gehiago baloratuko dugu aurrerantzean”. Askok hala pentsatzen dute. Zu ere uste berekoa al zara?

Nik uste dut baietz. Jendeak errespetu handia hartu die superfizie handiei. Pilaketa handiei beldurra hartu dio. Eta merkataritza-gune handietan ere, ilarak sortzen dira. Sentsibilizazio aldetik, uste dut jendeak beste jarrera bat hartuko duela. Hala iruditzen zait. Eta bezeroarekin duzun konfiantza ere oso inportantea da.