NOAUA! Konfinamendua hasi zenean, jendeak ezin zuen herritik atera. Horrek eragina izango zuen zuen jardunean. Lan gehiago egin al duzue bi hilabeteotan? Edo antzeko martxan aritu zarete?
Jon Arruti. Lehen bi-hiru asteetan lan gehiago egin genuen. Dezente gehiago. Eta orain ere, konfinamendua hasi aurretik baino hobeto ari gara lanean.
Lehen egunetan urduritasuna izan zen nagusi. Hainbat elikagai agortu egin ziren. Harategietan ere antzeko fenomenoa eman zen, ezta?
Histeria orokorra izan zen. Dena den, hornigaiak ez ziren bukatu. Janaria, egon bazegoen, baina bi behar zituenak hamar erosten zituen. Eta azkenean katea moztu egin zen.
Egun konkreturen batean, oilaskoaren stock-a mugatu egin behar izan zuten. Bi egunez edo ekarri ziguten generoa errazionatuta, baina segituan normalizatu zen egoera. Gauza puntual bat izan zen.
JON ARRUTI
“Harategiaren atarian atenditzen dugu. Mahaitxo bat jarri dugu atean eta bezeroak kanpotik ikusten du zer dagoen erakusleihoan. Aukeratutakoa poltsa batean ematen diogu ateraino”
COVID-19 birusari aurre egiteko, segurtasun neurri bereziak ezarri behar izan ziren zabalik zeuden saltokietan. Zuei nola eragin zizuen?
Jendea harategi barrura sartu beharrean, atean atenditzen dugu. Mahaitxo bat jarri dugu atean, eta bezeroak kanpotik ikusten du zer dagoen erakusleihoan. Aukeratutakoa poltsa batean ematen diogu ateraino, ordaindu eta agur.
Beste toki batzuetan bezala, zuen harategian ere ilarak sortu dira tarteka. Jendeak nola hartu ditu neurriok?
Arazorik ez dugu izan. Banakako ilaran egon dira bezeroak, distantzia mantenduz. Gure kezka zen ea ondo ari ote ginen eta denek berdin erantzuten ziguten: “ederki ari zarete, lasai”.
Eta zuen bezero fidelen artean, baten batek eskertu al du asteotan egin duzuen lana?
Baten batek bai, esan digu. Baina ez da bereziki eman den zerbait. Lagun dudan suhiltzaile batek esaten zidan “orain zuek gu bezain beharrezkoak zarete”. Nik hori barneratuta daukat, baina badirudi arlo batzuk gehiago txalotzen direla. Uste dut jendeak ez duela planteatu ere egiten, ohitura jarraitu eta listo.
“Jendeak zerbait segurua nahi duenean badaki nora jo”
NOAUA! Krisi hau amaitzen denean, batzuk diote bertakoa eta gertukoa gehiago baloratuko dugula. Ados al zaude?
Jon Arruti. Baloratuko duela ez dakit. Baloratu beharko lukeela, seguru. Uste dut zerbait aldatuko dela. Guk urte pila bat daramatzagu hemen eta horrelakoetan (behi eroen krisia eta antzekoak eman izan direnean) guri lana igo egiten zaigu beti. Horrekin egiten dudan hausnarketa da jendeak zerbait segurua nahi duenean badakiela nora joan behar duen.
Orain gertatzen ari denarekin, herritarrak janik gabe ez geratzeko batzuk aurpegia jartzen ari garela ikusita, jendeak hausnarketa bat egin beharko luke, eta batez ere inguruan utzi dirua.
Kate handiek badakigu zer egiten duten. Zuri jaten ematen dizute baina dirua kanpora joaten da. Esperantza badaukat ea aldatzen diren jendearen erosketa-ohiturak eta bizi-ohiturak.