Duela hiru aste, arintze fasearen aukerak baliatuz, “Usurbilgo Jai Batzordea biltzen hasi ginen, aurtengo festekin zer egin erabakitzeko helburuarekin. Covid19-ak eragindako osasun krisia medio, hasiera-hasieratik garbi izan dugu 2020koak ez direla orain arte ezagutu ditugun Santixabelak izango. Ezingo ditugula nahi genituzkeen bezala ospatu. Bide horretan, eta hainbat bilera eta eztabaida izan ostean, hauxe erabaki dugu: Santixabelak bertan behera uztea”. Trukean, Jai Batzordea dinamika berri bat egituratzen hasi da: Usurbilgo Kultur Bira.
Jai Batzordeak NOAUA!ra igorri duen idatziak honela dio: “Kulturgintzak gure egunerokotasunean duen garrantzia izan da itxialdiak azaleratu duen ezaugarrietako bat. Arteak gure egunak alaitu, argitu eta indartzeko gaitasuna duela erakutsi digu, eta, berrogeialdian, sorkuntza izan da etsipenetik urruntzen lagundu digun haize boladetako bat.
Horregatik, krisi honen aurretik jada prekarizatua zegoen kulturgintza hauspotzeko xedearekin, Usurbilgo Jai Batzordeak Usurbilgo Kultur Bira antolatzea erabaki dugu: uztaila osoan Usurbilgo txoko ezberdinak kultur ekimenez zipriztinduko dituen ekimen parte hartzailea izango da, kaxkoko betiko festen moldetik urrunduz.
Bagenekien ordea, orain arteko Jai Batzordeak nekez gaindi zezakeela horrelako erronka puska. Horregatik jo dugu Usurbilgo beste herri-auzoetara, proposamena aurkeztu eta elkarrekin lan egitera gonbidatuz. Hala, Sanextebango, Atxegaldeko eta Santueneko jai batzordeek bat egin zuten gure proposamenarekin, eta guztiok batera ari gara lanean gaur egun.
Hasieran esan bezala, argi dugu herritarron osasuna dela dinamika honen abiapuntua eta helmuga. Horregatik, hau guztia posible izan dadin, eta beharko ditugun osasun neurri zorrotzak errespetatuak izan daitezen, Usurbilgo Udalarekin hartu-emanetan gaude, Ekimen Kulturalak burutzeko Protokoloa landu baitu. Protokolo horrek arautuko ditu, besteak beste, espazioen eta parte hartzaileen desinfekzio neurriak, guneen sartu-irtenen eta aforoen antolaketa, asistentzia aldez aurretik zehazteko metodologia, streaming formulen nolakotasuna… eta beste hainbat alderdi. Guztiak izan beharko ditugu kontuan planteamendu berritzaile eta, zentzu batean, apurtzaile hau egikaritzerako orduan. Eta horien guztien artean, ziurrenik garrantzitsuena herritar orok ipini dezakeen aletxoa izango da, ez baita izango Usurbilgo Kultur Birarik, usurbildarrok babesten eta bultzatzen ez badugu.
Horregatik, datozen asteetan bidaliko ditugun mezu eta berriei adi aditzeko eskatu nahi dizuegu: herritik eta herriarentzat antolatzen gabiltzan dinamika erabat berritzaile hau gauzatzeko, modu batean edo bestean, zure laguntza beharko baitugu.
Usurbilgo Jai Batzordea, Sanextebango Jai Batzordea, Santueneko Jai Batzordea, Atxegaldeko Jai Batzordea, Agiñako Jai Batzordea”.