Koronabirusa

Astelehenetik aurrera, 3. fasean

EAE-ko lurralde historikoen artean mugikortasuna mugagabea izango da, garraio zerbitzuak %100ean eskaintzeko aukera egongo da, 20 laguneko bilkurak baimenduko dira, 0-3 arteko haurtzaindegi eta haur eskolak irekitzeko aukera egongo da, haur eta gazteei zuzenduriko aisialdi ekimenak antolatzen hasi ahal izango da, unibertsitateek aurrez aurreko jarduerak berreskuratu ahalko dituzte, ostalaritzako edukiera mugak ezabatuko dira, %60ko edukieradun kultur eta kirol jarduerak egitea ere onartua egongo da... 

Astelehenetik (ekainak 8) aurrera "deseskalatze" prozesuaren 3. fasean izango garela iragarri berri du Eusko Jaurlaritzak. Gogoan izan, Jaurlaritzak eskaera horixe egina zion Espainiako Gobernuari. Madrilek egunotan baiezkoa adierazi du, "normaltasun berria" izeneko garai horren aurreko azken fasera igarotzeko moduan direla Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. "Euskadik ikuspuntu asistentzial eta epidemiologikotik baldintza guztiak betetzen dituela erakusten duen beste adibide bat da", Gasteizeko gobernuaren esanetan.

Sartzera goazen fase berri honetan, "Euskadik kudeaketa ahalmen osoa berreskuratuko du eta familia-kontziliazioa errazteko neurriak arautuko ditu". 

Segidan duzue Eusko Jaurlaritzak Bizi-Berri planean iragarriak dituen 3. faserako neurri zehatzen zerrenda. Halere, orain arteko prebentzio neurriak hartzen segitzeko beharra azpimarratu dute Jaurlaritzatik; "2 metroko segurtasun tartea, maskara erabiltzea eta eskuak maiz garbitzea".

3. FASEAN BAIMENDUTAKOA
Mugikortasuna eta ordu-tarteak
-Mugikortasuna mugagabea izango da EAEko lurralde historikoen artean. Pertsonak inolako mugarik gabe mugitu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan zehar.
-Jarduera fisikoa garatzeko adinekoentzako eta ahulentzako lehentasunezko tarteari eustea. 10:00tatik 12:00tara eta 19:00tatik 20:00tara.

Garraioak
-Maiztasunak eta edukierak: %100ean berreskuratu ahal izango dira bidaiarien lurreko garraioetarako (trenbidea eta errepidea), baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten badira osorik.
-Ibilbide osoan maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean segurtasun-distantzia mantentzen saiatu beharko da.

Familia- eta gizarte-bilerak
-Gehienez ere 20 laguneko familia- eta gizarte-bilerak egin ahal izango dira etxebizitza eta lokal pribatuetan edo erabilera publikoko espazio irekietan, osasun-agintariek ezarritako babes pertsonaleko eta distantzia fisikoko arauak errespetatuz.

Kontziliazioa eta aisialdiko jarduerak
-Haurtzaindegiak eta haur-eskolak ireki daitezke zero eta hiru urte bitarteko haurrentzat, eta edukiera ohiko gehieneko edukieraren edo ratioaren% 60ra mugatuta.
-Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak berriro hasi ahal izango dira, erakunde eskudunek ezartzen dituzten arauekin bat etorriz, edukiera-muga hauekin:
1-Aire zabalean egiten direnean, jardueraren ohiko gehieneko edukieraren% 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 200 parte-hartzaile izango dira, monitoreak barne.
2-Gune itxietan egiten direnean, jardueraren ohiko gehieneko edukieraren% 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 80 parte-hartzaile izango dira, monitoreak barne.

Bi kasuetan, jarduerak egiten diren bitartean, parte-hartzaileak gehienez ere 15 taldetan antolatu beharko dira, monitoreak barne.

Hezkuntza
-Ibaiondo adingabeen barneratze-zentroan eta Ospitaleko, Etxeko eta Hezkuntza Terapeutikoko hezkuntza-arretarako lurralde-zentroetan hezkuntza-jarduerari eta aurrez aurreko prestakuntzari berrekitea xedatzen da.
-Hezkuntzaren eta unibertsitate-prestakuntzaren arloan, EAEn kokatutako unibertsitateek aurrez aurreko jarduera akademikoak egin ahal izango dituzte, jarduera hori aurrez aurrekoa egitea ezinezkoa den kasuetan. Era berean, etengabeko prestakuntza, titulazio ez-ofizialak eta profesionalentzako jarduerak malgutu eta garatu ahal izango dira.
-Bikaintasuneko ikerketaren esparruan, bai eta ikerketa eta administrazioa laguntzeko gainerako laborategi eta zerbitzuetan ere, jarduera presentzial osoa gaituko da.
-Araututako jarduera guztiak osasun-agintariek adierazitako eta aplikatu beharreko araudiaren araberako osasun-, segurtasun-, babes- eta higiene-neurriak errespetatuta egingo dira, bai erabiltzaileena aldetik baita langileei dagokienez ere.

Ostalaritza, Turismoa, Sozietateak eta Merkataritza
-Merkataritza-establezimendu eta -lokalak, minoristak, azoka txikiak, merkataritza-zentro eta -parkeak: gehieneko edukiera %60koa izango da, eta halakorik balego, espazio komunetan eta jolas-guneetan ere errespetatu beharko da.
-Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimendu eta zerbitzuak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaien edo, mahai-multzoen artean bi metroko distantzia egokia bermatzen bada. Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko distantzia fisikoarekin.
-Hoteletako eta turismo-ostatuetako eremu komunak, %60ko edukiera-mugarekin, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantziari eutsita.
-Turismo aktiboko eta izaera eta jarduera fisikoko jarduerak: jarduera horiek gehienez 30 pertsonarekin egin ahal izango dira, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia errespetatuz.

Kultura-jarduerak, aisialdia eta azoka-esparruak
Kultur arloko edukiera, jarraian zerrendatzen diren jardueretarako, honako hau izango da:
-Liburutegiak, museoak, azoka-esparruak, erakusketa-aretoak eta zinemak: %60ko edukiera, gehienez.
-Leku itxietako kultura-jarduerak: baimendutako edukieraren %60koa izango da baimendutako gehieneko edukiera, gehienez ere 80 pertsona, aurrez esleitutako besaulkiarekin.
-Aire zabaleko kultura-jarduerak: baimendutako edukieraren %60ko izango da baimendutako gehieneko edukiera, gehienez ere 1.000 pertsona, eta eserlekua aurrez esleituta egongo da.

Kirola
Kirol-arloko edukiera, jarraian zerrendatzen diren jardueretarako, honako hau izango da:
-Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, baimendutako edukieraren % 60koa izango da baimendutako gehieneko edukiera. Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke, pertsonen arteko gutxieneko distantzia errespetatuz.
-Talde-entrenamenduei berrekitea baimentzen da, kirolarien arteko elkarrekintzarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako kiroletan, diziplina guztietan, ekainaren 20tik aurrera lehiaketen hasiera prestatzeko.
-Gainerako kirol-diziplinetan, taldean praktikatzea eta entrenatzea baimenduta dago, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia betez.