Koronabirusa

3. fasean sartzearekin batera, Kiroldegiko gimnasioaren irekiera Usurbilen

Gaurtik Potxoenean harrera zerbitzua berreskuratuko dute, eraikineko gelak bileretarako. Sutegi udal liburutegiak maileguen zerbitzua berriz martxan jarriko du. Auditorioa ere baliatzeko aukera egongo da, auzoetako eta Haraneko lokalen antzera. Hori bai, zerbitzu eta gune guztiok ezingo dira baliatu ohiko moduan; beharrezko segurtasun neurriak beteta baizik. Lerrootan, Usurbilgo Udalak jakinarazi dituen xehetasunen berri duzue.

"Deseskalatze" prozesuan urrats berri bat emango da astelehenean (ekainak 8). 3. fasean sartuko gara. Eusko Jaurlaritzak "normaltasun berria" deitzen dioten horren aurreko azken etaparako hainbat aldaketa iragarri berri ditu. Gogoan izan ordea, aldaketa horiekin batera, Usurbilgo Udalak ere udalerri honetarako "deseskalatze" plan propioa onartu eta martxan jartzen ari dela.

Testuinguru horretan, aste hasieran zenbait kultur gune martxan jarri zituzten, segurtasun neurri artean: Potxoeneako harrera zerbitzua eta bilera gelen irekiera, Sutegi udal liburutegiko maileguen sistema berreskuratu zuten, Haraneko nahiz auzoetako lokalak irekitzea baimendu zuen Udalak... Guztia aipatu moduan, segurtasun neurrien artean. “Itzulera mailakatua izango da gainera, segurtasun neurriak tarteko, zerbitzuak ezin izango baitira bere osotasunean eman, behin-behinean. Zita hartu beharko da, derrigorrez, guztietan, eta segurtasun protokoloak errespetatzeko”, adierazia du Udalak.

Astelehenean Oiardo Kiroldegiaren txanda izango da; gimnasioa zabalduko dute ekainaren 8an eta igerilekua hilaren 15ean. Hartuko dituzten segurtasun neurriei dagokienean, desinfekzio protokolo bat landu dute; egunero lau aldiz desinfektatuko dute langileek Kiroldegia. Erabiltzaileei ere laguntza eskatzen diete; norberak erabilitako espazioa desinfektatzea. Horrekin batera, bai gimnasioa eta igerilekua era mugatuan baliatu ahalko da. Horretarako zenbait baldintza ezartzea erabaki dute. Hortik aurrera, “astez asteko balorazioa egingo dute”, iragarri du Udalak.

Diru itzulketa
Gogoan izan, Kiroldegia ia hiru hilabetez itxia egon da. Udalak aurrez iragarri izan duen moduan, erabiltzen ez den udal zerbitzuengatik ez du kobratuko. Ondorioz, “datozen asteetan hasiko dira zerbitzua etenda egon den epeari dagokion diru kopurua itzultzen (martxoak 14-ekainak 15 tartea erreferentziatzat hartuta)”. Ikastaro eta abonuei dagokienean, kiroldegia itxita egon den denbora tartearen aldiarekiko proportzioa itzuliko da. Udalak prozesu konplexu samarra izango dela aurreikusi arren, “ahalik eta epe laburrenean egin nahi dituzte diru itzulketak”.

USURBILGO "DESESKALATZE" PLANA
OIARDO KIROLDEGIAREN "DESESKALATZEA"
Kiroldegiaren ordutegia
-Astelehenetik ostiralera: 7:00-12:30 /14:30-22:00.
-Larunbatetan: 8:00-13:30/15:30-21:00 (larunbatetan ordubete lehenago ireki eta eguerdian itxiko dute garbiketa lana egiteko).
-Igandeetan: 09:00-13:00.

Baldintza orokorrak
-Txanda batzuk 65 urtetik gorako herritarrentzat, haurdun egon edo arrisku taldeetako kideentzat gordeko dira.
-Abuztuan ez da itxiko Kiroldegia.
-Udako hilabeteetarako gazte zein helduentzako ikastaro eskaintza handitzea aztertzen ari dira.
-Kiroldegirako txanda aurrez eskatu beharko da 943 37 24 98 telefono zenbakian.
-Txandak gehienez ordubetekoak izango dira. Tarte horretan, sartu, erabili eta atera beharko da.
-Txanda bakoitzean ilara egin beharko da Kiroldegian eta Kiroldegiko langileek adierazitakoan sartu.
-Ostegunetan eskatu ahalko dira hurrengo asterako txandak.

Ekainaren 8tik aurrera
Kiroldegiko gimnasioaren irekiera: 
-Ekainaren 4tik aurrera hartu ahalko da hitzordua.
-Gehienez orduko 35 erabiltzaile. Gimnasioko gelan eta eskubaloiko pistan jarriko dituzte makinak.
-Eguneko txanda bat eskatu ahalko da.
-Ezingo dira aldagelak erabili: kirol jarduera egiteko arropa jantzita joan beharko dira erabiltzaileak eta nork bere toaila eraman beharko du (eramaten ez dutenek, ezingo dute sartu).
-Gehienez 45 minutuz baliatu ahalko da gimnasioa. Gero, erabilitako makina desinfektatu eta arrapalatik irten beharko da.

Ekainaren 15etik aurrera
Kiroldegiko igerilekuaren irekiera:
-Aldagelak erabili ahalko dira.
-Igerileku handiko txandak: kale bakoitzeko igerilari bat. Igerian egiteko 45 minutu eta dutxatzeko gehienez 15 minutu.
-Igerileku txikiko txandak: bitan banatuko da igerilekua, zati bakoitzean erabiltzaile bat; familiek eta kolektibo berezientzat soilik (igerian ikasten ari direnak adibidez); ordu eta laurdeneko txandak (45 minutu erabiltzeko, 30 minutu aldatzeko, tartean ume txikiek denbora gehiago izan dezaten); aldagela mistoko komun egokituetan dutxatu beharko dute, baliabideak egokituko dituzte familiak erosoago aldatzeko; aldagelak erabili ostean, espazioa desinfektatu beharko dute.
-Erreserbak: igerileku handian astean gehienez hiru aldiz; igerileku txikian, astean gehienez bi aldiz.

KULTUR GUNEEN "DESESKALATZEA"
Ekainaren 1az geroztik:
Potxoenea:
-Harrera zerbitzua martxan, aurrez hitzordua eskatuta: itzultzailea@usurbil.eus/ 943 371 999.
-Bilerak %30eko edukierara mugatuak: sotoan 9 lagun, l. solairuko proiektore gelan 7 lagun eta 4 lagun gela txikian, 15 lagun Urdintxo gelan. Giltzak goizeko harrera ordutegian hartu beharko dira. Erabiltzaileei protokoloa helaraziko zaie eta desinfektatzeko produktuak eskura izango dituzte.

Sutegi:
Liburutegia:
-Maileguak: liburuak kanpoko buzoira itzuli, 14 egun pasako dituzte berrogeialdian.
-Liburuak hartzeko ordutegia: 10:00-18:30. Bideotatik: 943 36 06 92 / 688 625 477 (Whatsapp) / biblioteka@usurbil.eus
-Liburuen kontsulta, online katalogoan: katalogoak.euskadi.eus / liburubila.euskadi.eus
-Eraikinaren atarian jarriko dituzte mahaiak, mostradore gisa.

Auditorioa eta erakusketa gela:
-Hitzordua bideotatik eskatu: itzultzailea@usurbil.eus/ 943 371 999.
-Edukiera %30era mugatua: 20 lagun erakusketa gelan, 50 lagun auditorioan.

Auzoetako lokalak:
-14-65 urte arteko herritarrentzat mugatua.
-Gehienez 15 laguneko taldeak.
-Bertara joan baino lehen aurrez eskaera egin: lokala zertarako erabili zehaztu eta segurtasun protokoloa adosteko. Hitzordua bideotatik eskatu: zerbitzuak@usurbil.eus/ 943 371 951.

Haraneko lokalak:
-Bi erabilera posible: futbol taldearen kasuan biltegiaren txukunketetarako soilik. Musika taldeen entsegu lokaletan, lokal bakoitzean talde bat.
-Ordutegiak adostuta modu koordinatuan erabili beharko dituzte.
-Kanpoko ateak beti itxita egon beharko du.
-Hitzordua bideotatik eskatu: 943 372 498 / kirola@usurbil.eus