Koronabirusa

Guztira 14 izan dira Usurbilen diagnostikaturiko kasuak

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 6a, 12:25

Gipuzkoan azken asteotan apenas diagnostikatu den covid19-arekin lotutako kasu berririk. Usurbilen ia hilabete igaro da, diagnostikatu kopuruan azken aldaketa izan zenetik. Maiatzaren 18an datuak eguneratu zituztenean zenbatu zituen Osasun Sailak azken kasu berriak. Une hartan guztira 14 ziren covid19-a jasandako herritarrak. Ordutik ez da kasu berririk antzeman.

Zenbaketa hasi zutenetik, ia hiru hilabeteotan 14 dira Usurbilen Covid19-az diagnostikatu dituzten herritarrak. 14, 6.318 biztanle dituen udalerri honetan. 100.000 biztanleko 221,6ko diagnostikatu tasa du Usurbilek. 

Lasarte-Usurbil osasun eremua aintzakotzat hartuta, azken asteotan igoera txiki bat izan da; 70 dira osasun krisialdia hasi zenetik azken bi hilabeteotan covid19-az diagnostikatu duten herritar kopurua. Zonalde honek, 26.512 biztanle biltzen ditu, eta 100.000 biztanleko 264ko diagnostikatu tasa du, Osasun Sailak egunero moduan, larunbat honetan (ekainak 6) ezagutzera emandako azken datuen arabera.

Gaur arte 70 izan dira covid19-ak Lasarte-Usurbil osasun eremuan diagnostikaturiko datuak. Hildakoei buruzko eremuotako datuak ere eskaintzen hasia da Osasun Saila. Zenbaketa martxoan hasi zutenetik ekainaren 4ra arte, 69 ziren covid19-ak Usurbil-Lasarte osasun eremuan diagnostikaturiko herritarrak. Eremu honetan, ekainaren 4ra arte 4 herritar hil dira. Datuokin, 5,80ko hilkortasun-tasa du zonalde honek.

Kasu berririk ez
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astearte honetan plazaratzera emandako azken datuak dira honako hauek. EAE mailan, "1.571 pertsona hil dira guztira, atzo zazpi hildako gehiago erregistratu ziren. Gainera, 17 pertsona ZIUn daude, aurreko egunean baino 4 gutxiago". 

Azken 24 orduotan, "4.009 proba egin ziren guztira (2.708 PCR eta 1.301 test azkar)". Kasu positibo berriei dagokienean, PCR bidez 4 kasu berri antzeman dira azken 24 orduotan; bat Araban, hiru Bizkaian, Gipuzkoan bakar bat ere ez. Test azkarraren bidez aldiz, 61 kasu antzeman dituzte. 

Birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa1etik beherakoa izatearen garrantziaz ohartarazi izan dute adituek. Larunbat honetako azken datuen arabera, 0,72an dago EAE-n. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egunero kaleratzen dituen datuen txostenak esteka honetan kontsulta ditzakezue: ekainaren 6ko datuak