Koronabirusa

"Birusak, distopiak eta mundu berriak" izeneko Jakin Jardunaldietarako itxarote zerrenda osatzen

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 9a, 08:48

Maiatzaren 25ean ireki zuen UEU-k 48. udako ikastaroen baitan, Jakin Fundazioarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, uztailaren 16rako Usurbilen antolaturiko Jakin Jardunaldietarako matrikulazioa. Gaurkotasun handiko gaia ekarriko dute aurten egun bakarrean ospatuko den hitzordura: "Pandemiak, distopiak eta mundu berriak". Taldea osatu da, baina izena ematen ari direnekin itxarote zerrenda osatzen ari da antolakuntza.

Hala da, matizaren 25ean matrikulatzeko epea ireki eta biharamunean, hilaren 26an jada, Udarregi Iksatolan ospatuko den jardunaldirako taldea osatu zuten. UEU-tik ohartarazi dutenez, "izen ematea mantenduko dugu itxaron zerrenda osatzeko". Esteka honetan bideratu dezakezue izen ematea: UEU.

"COVID-19ak agerian utzi ditu gure gizartearen gaitzak eta horiei erreparatuko die Jakin Jardunaldiak, etorkizunera begirako hausnarketan". Horretarako, zortzi aditu batuko dira uztailaren 16an Usurbilen: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrieta. "Jardunaldirako prestatutako beste autoreen testuak eta bideoak ere erabiliko ditugu, denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, ate joka dugun etorkizunaz gogoetatzeko".

Antolakuntzak gaineratu duenez, "zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak mahai gainean jarri eta partekatzeko jardunaldia da honako hau. Pandemia honi eta bere ondorioei diziplina anitzetatik eta ertz desberdinetatik begiratu nahi diegu, politikaren egikaritzatik, iruditeria eta filosofiatik, zaintza eta despatriarkalizazio prozesuetatik, ekologia sozialetik, egia eta egia-ostearen talaiatik, eta baita ere azken lau hilabeteetan berariaz abian jarri diren elkartasun praxi berrietatik.

Egun bakarrean egingo da aurten
Segurtasun neurriak ahalik eta modu egokienean bermatzeko, egun bakarrera mugatu dute jardunaldia: uztailaren 16an izango da Usurbilgo ikastolan, "areto zabal eta egoki batean. Hala ere, lekuak mugatu beharrean izan gara, eta ohi baino entzule gutxiagok hartu ahal izanen dute parte", Jakinetik aditzera eman dutenez.

Izena emateko epea zabalik dago UEUren udako ikastaroen atalean. Hemen: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroak

Egitaraua
Uztailak 16, osteguna
09:00
Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:30 Ongietorria eta sarrera:
Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria.
Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria.
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea.
10:00 ''Izu-urtea: Biopolitika Covid19 birusaren garaian''.  Mario Zubiaga. UPV/EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea 'Gure esku' ekimeneko kidea.
10:45 Kafea.
11:05 ''Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura''. Arantza Etxeberria. (UPV/EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea)
11:45 ''Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban''. Joseba Azkarraga Etxagibel. Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea.
12:30-13:15 ''Egia-ostea ziurgabetasun garaian''.  Irati Zubia. Filosofian lizentziaduna eta EHUko Filosofia saileko doktoregaia.
15:00-15:45 ''Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar''.  Teresa Larruzea, Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatetik.
16:00-17:30 Tailerra: ''Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak'':
Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea.
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea.

Informazio gehiago: ueu.eus
Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.