Koronabirusa

Abiada bizian saltzen doaz, herriko saltokietan xahutzeko erosketa bonuak

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 9a, 15:54

Usurbilgo Udalak berri eman duenez, herritarren eskura jarritako erosketa bonuen erdia saldu da dagoeneko. "Ia 30.000 eurorainoko salmentak izan dira webgunea martxan jarri den lehenengo lau egunetan". Gogoan izan, gertuago.eus atari berrian sartu behar duzuela, asteotan itxita egon diren herriko 30 dendetan xahutu ahalko diren %20ko deskontudun bonuak jasotzeko. 

Herriko merkatari eta zerbitzuak laguntzeko sektoreak eta Usurbilgo Udalak abian jarritako "Gertuago" egitasmoaren baitan, erosketa bonuak jarri zituzten joan den astean usurbildarren esku, herrian bizi eta herrian erosten segitzea sustatzeko. Erosketa bonu hauek, covid19-ak eraginda azken asteotan itxita egon diren herriko 30 saltokiek jarri dituzte salgai, gertuago.eus atari berrian. 

Bertan egin ditzakezue bonuen erosketak; bonuenak soilik. Bonuekin erosi beharrekoa, orain arte bezala, denda fisikoetara joanda eskuratu beharko duzue.

Aipatu moduan, egitasmoa harrera bikaina izaten ari da. Lehen egunean soilik, Usurbilgo Udalak emandako datuen arabera, "15.500 euro baino gehiago saldu" ziren erosketa bonuen bidez. Hurrengo 3 egunetan "ia erdira iritsi dira salmentak".

Lehen lau egunetan guztira "dagoeneko ia 30.000 eurorainoko salmentak izan dira. Aste honen erdialdera iritsiko zaizkie transferentziak: kopuru horretatik 23.500 euro inguru herritarrek egindako erosketen bidez lortutakoa izango da, eta udalak ia 5.900 euro gehiago bideratuko ditu, herritarrek jasotako %20ko deskontuaren adierazle" berri eman du Usurbilgo Udalak. 

Erdiak salduak
Egitasmoaren lehen fase honetan parte hartzen ari den merkatari bakoitzak "2.000 euroraino arteko sarrerak edukitzeko aukera dute webgunearen bidez. Horietatik 1.600 euro herritarrek bonuen bidez jarriko lituzkete, eta gainerako 400 euroak udalak, deskontuak bere gain hartuta". 

Merkatari guztiek salgai jarritako bonu guztiak herritarrek eskuratzen badituzte, denera 60.000 euroko diru-sarrerak izango dituzte 30 saltokiok. Salmenta kopurua abiada honetan hazten badoa, azkar agortuko dira; pentsa lehen lau egunetan, jada 30.000 euro saldu dituzte erosketa bonuetan.