Koronabirusa

3. fasean Gipuzkoak duen egoera azaldu du Foru Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 9a, 08:00

"Deseskalatze" prozesuko 3. fasean murgiltzearekin batera, adinekoen egoitzetako bisitak baimendu dira Gipuzkoan, Foru Aldundiak jendaurreko zerbitzua %100ean berreskuratu du... Eta eskuartean lehentasunezkotzat jotzen dituen eta Espainiako Gobernuari zuzenduriko bi eskaera ditu Aldundiak; Nafarroara eta Lapurdira mugitu ahal izatea.

Usurbil eta Gipuzkoa "deseskalatze" prozesuko 3. fasean dira aste hasieratik. "Normaltasunetik gero eta gertuago" egon arren, orain arte bezala arduraz jokatzeko deia egin dute Gipuzkoako Foru Aldunditik, astearteroko diputatuen kontseiluaren amaieran, "covid19-a ez baita gure artetik desagertu. Beraz, egoera honi eutsi eta prebentzio neurri guztiak hartu beharrak dauzkagu, ahalik eta muga gehien jartzeko gaixotasun honi". 

Gipuzkoan egoera hoberantz doala islatzen duten datuak plazaratu ditu foru gobernuko bozeramaile Eider Mendozak. "3 asteetan bi kasu berri izan dira Gipuzkoan. Adierazle nagusi guztiek hobera egin dute". 

3. fase honi begira eman diren urratsen berri eman du. Eta aurrera begirako lehentasunak marraztu ere bai. 

Mugikortasuna
-Egun EAE osoan (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) mugitzeko aukera dugu.
-Espainiako Gobernuari zuzenduriko eskaerak: Gipuzkoa eta Nafarroa eta Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugikortasuna baimentzea.
-Garraio zerbitzuei dagokienean; Lurraldebus zerbitzuen %100a eskaintzen ari dela berri eman du Foru Aldundiak. 

Gizarte politikak
-Adinekoen egoitzetako bisitak baimenduak goiz eta arratsaldez; pertsona bakarra eta astean behin.
-Eguneko Zentroak irekitzen hasiak. Konfinamenduarekin etxera itzulitako hainbat erabiltzaileren itzulera egoitzetara; aukera balego, 15 eguneko isolamendua aplikatuko zaie. 
-Covid19-ak adinekoen egoitzetan duen eraginaren inguruan Aldundiak egunero emandako informazioa etengo da. Egun 6 adineko daude gaixo Aretxabaletako egoitzan.

Funtzio publikoa
-Foru Aldundiko langileen erdia baino gehiago etxetik telelanean aritu ostean, lantokira itzuli da ia %100a. 
-Jendaurreko zerbitzu guztiak martxan ditu Foru Aldundiak.

Erronka ekonomikoa
-28 milioi euroko suspertze sozioekonomikorako plana abian.
-Autonomo eta enpresentzako likidezia malgutasuna sustatzen duten hainbat neurri martxan.
-Gipuzkoan 700 milioi eurotik gorako eragina izango duen ekonomia eta lanpostuak sustatzeko neurriak.

Gobernantza
-Bizi dugun egoerari Gipuzkoako eragile desberdinekin irtenbide egokiak topatzeko hainbat mahai sektorial osatu ditu Aldundiak.