Eskualde mailako deialdia

Errekaldeko merkatalgune berriaren irekieraren aurkako elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 10a, 12:47

Iragan astean egin zuten moduan, bigarren aldiz, Errekalden Leroy Merlin merkatalgunea kokatzearen aurkako eta tokiko merkataritzaren aldeko protestarako deia egin dute asteazken honetan (ekainak 10) 20:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan. Irekiera honek eskualde osoari eragingo diola ohartarazten dute deitzaileek.

"Leroy Merlin bai ala ez? Gu bertako merkataritzaren alde" aldarripean, herritar talde batek protestarako deia egin du bigarren astez jarraian, asteazken honetan (ekainak 10) arratsaldeko 20:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan. Maskarak jantzita bertaratzeko gonbita luzatu dute, eskualde mailakoa izango den mobilizaziora.

Herri bizitzari, tokiko ekonomiari eta mugikortasun jasangarriari eragingo diola ohartarazten dute. Tokiko merkataritzari, merkatari txikiei, gremioei, biltegiei eragingo diela. Baita inguruko udalerriei, Buruntzaldea, Donostialdea, Tolosaldea edota baita kostako ardatzari. Eta baita ingurumenari ere, saltoki honen inguruko 28.000 metro karratuko basoari. 

"Lur-erauzketa garrantzitsu bat eskatuko du, eta, horren ondorioz, harizti eder bat suntsituko dute. Horrela, Leroy Merlini nola edo hala lekua egingo diote berez nahiko gabezia urbanistiko baduen Errekaldeko industrialdean", Eguzki talde ekologistak ohartarazi duenez. 

Lasarte-Oriako Udalak proiektu hau martxan jartzeko urrats berri bat eman dezake egunotan. "Zabaleta alboan, Teresategiko malgalean, 28.000m2 baso okupatu eta Leroy Merlin eraikitzeko plana ostegun honetan onar daiteke udalean", gaurko mobilizazioko antolatzaileen esanetan. 

Egoera honen aurrean, mobilizaziorako deia egin zuten joan den astean eta bigarrenez gaurko elkarretaratzea deitu dute. Ondoko kartelak plazaratu dituzte.