Koronabirusa

Errigoraren produktuen banaketa, datorren aste hasieran

Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainaren baitan, martxoa hasieran Nafarroa hegoaldeko produktuak eskatuak zenituztenok adi; datorren aste hasieran jaso ahalko dituzue; ekainaren 15ean eta 16an, 9:00-14:00 artean.

Konfinamendu bezperatan itxi genuen Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainako barazki-kontserbak, oliba-olio bidoiak, arroza eta pasta eskatzeko epea. Banaketa bi txanda ezberdinetan egitea zen asmoa; baina osasun krisialdiak prozesua atzeratu du. Eskatu dituzuen produktu guztiak, azkenean txanda bakarrean jaso ahalko dituzue. Datorren aste hasieran; ekainaren 15ean edo 16an, 9:00-14:00 artean, NOAUA! Kultur Elkartearen Bordaberri 3ko egoitzan.

Ordainketak ahal den heinean aurrez bideratzea eskatzen da. "Herrietan auzolanean dabiltzan kideen lana erraztu eta haien zein zure segurtasuna bermatzeko eskaera online ordaintzea gomendatzen dizugu", Errigoratik ohartarazi dutenez. Eta "zure eta auzolanean dabiltzan kideen segurtasunerako, produktuak jasotzera zoazenean jantzi maskarila eta jarraitu guneko arduradunaren argibideak". Informazio gehiago, errigora.eus atarian.

Jasotako laguntzaren zati bat, euskalgintzara
Eskabideak aurrez eginak dituztenek aurtengoan ere esku bete produktu eskuratu ahal izan dituzte: oliba-olio birjina estra ekologikoa eta konbentzionala (5 litroko bidoiak); kontserba ekologikoak nahiz konbentzionalak (zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak eta kremak. 12 ontziko sortetan eskuragarri), eta pasta ekologikoa (“stock” mugatua, eskaerak errigora.eus bidez soilik). Guztia, “euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan”. Gogoan izan, produktuok salduz jasotako laguntzaren zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertzera bideratuko da.