Merkataritza hizpide

Txalaka: “Gorakada bat izan genuen lehen asteetan”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 11a, 07:41

Konfinamendu garaian lanean aritu ziren saltokien iritziak batu ditugu azken asteotan. Txalaka, Usurbil Optika, Iratze natur denda, Al-Rai barazkiak eta Laurok liburudendakoen hitzak topatuko dituzue segidan.

NOAUA! Itxialdian, lan gehiago egin duzue edo berdintsu aritu al zarete?

Igor Matxain. Lehen asteetan gorakada handi bat izan genuen. Taberna guztiak itxi zituzten eta jendeak etxean geratu behar zuenez, gehiago kontsumitzen zuen dendetan.

 

Alkohola ere erosi daiteke Txalakan. Salmentan igarriko zen, ezta?

Bai. Tabernak itxita zeudenez, jendeak etxera eramaten zuen garagardoa eta sagardoa.

 

ELKARTASUN SAREAZ

“Herritar sareak lan ona egin du. Salbazioa izan da jende helduarentzat”

 

Ilarak sortu dira noiznahi. Pazientzia beharko da.

Ez da batere erosoa eta presioa sortzen du. Baina moldatu behar. Ez dago besterik. Jendeak badaki zer dagoen eta alde guztietan igualtsu dago gainera. Ez dugu arazorik izan.

 

Hasieran komuneko papera agortu zen. Ondoren irina eta legamia. Eta hemen, produkturen bat agortu al zaizue?

Ez, denetarik izan dugu beti.

 

Bezero berri bat agertu da asteotan. Kanpoan erosten zuena baina konfinamenduarekin herriko dendetara hurbildu dena. Txalakan ere gertatu al da?

Bai, batzuk igarri ditugu. Saltoki handietara joateko fobia pixka bat ere bada oraindik. 

 

Nork daki,  aurrerantzean bertako saltokiei garrantzia handiagoa emango diegu akaso.

Bai, gero eta gehiago. Gazteek dakarkite joera hori. Ez da oraingoa, konfinamenduaren aurretik datorren zerbait da.

 

Bonu-sistema bat jarri berri da martxan. Zer iruditzen?

Guk lanean jarraitu dugu. Geldi egon direnentzat atera dituztela uste dut eta saltoki horiek aktibatzeko ondo ikusten dut.

 

Funtsezko zerbitzu bat eskaini duzue asteotan. Jendeak eskertu al du?

Bai. Konfinamendua ezarri zenean, denda kanpoan zerbitzatzen hasi ginen. Ahalegin handia egin dugu eta jendeak eskertu du. Gure bezeroengatik egin dugu, kutsatze-arriskua txikiagoa izan dadin.