Merkataritza hizpide

Iratze natur denda: “Erosteko modua erabat aldatu zen konfinamendu garaian”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 11a, 07:49

Maite Irazustak atenditzen ditu Iratze natur dendako bezeroak.  Erosteko modua aldatu egin dela esan digu. Dena den, bezeroekin ondo moldatu da azken hilabete hauetan. “Jendeak badaki zein den egoera eta alde horretatik lasai ibili gara”, adierazi digu.

NOAUA! Etxealdiak lan gehiago ekarri zuen hona edo berdintsu aritu al zarete?

Maite Irazusta. Berdintsu ez, egoera erabat aldatu zelako. Salmentei dagokionez, normaltasun batera itzuli gara egun hauetan. Baina konfinamendu garaian, erosteko modua erabat aldatu zen. Gauza ezezaguna zen, beldurra zuen jendeak, ez genekien zer gertatuko zen... Eta erosketa-prebisioak aldatu egin zituen jendeak.

 

Behar genuena baino gehiago erosten genuen akaso?

Bai. Gainera ordutegi murriztu bat zegoen eta noiznahi ezin zen atera. Gazteak gurasoentzako erosketak egitera etortzen ziren, edota bilobak aiton-amonentzat. Jende berria ere hurbiltzen hasi zen. 

Bestetik, etxean egonik, askok etxean sukaldatzeko aprobetxatu zuten.

 

BONU SISTEMAZ

“Ondo iruditzen zait. Une honetan laguntza guztiak ondo etorriko dira”

Hemen ere irinarik eta legamiarik gabe geratu al zineten?

Bolada batean legamiarik gabe egon ginen, bai.

 

Aforoa mugatu zenuten eta halaxe jarraitzen duzue oraindik.

Banaka sartzen dira, hau denda txikia baita. Jendeak badaki zein den egoera eta alde horretatik lasai ibili gara.

 

Batzuk orain deskubrituko zuten herriko denden eskaintza. Iritzi berekoa al zara?

Hemen bizi den jendeak jakin badaki hemen gaudela. Batzuk lanean hasi badira berriro, lehengo ohituretara itzuliko ziren akaso.

 

Baldintza zailetan aritu zarete lanean. Jendeak baloratu al du?

Bai, konturatu dira. “Gu momentu jakin batzuetan ateratzen gara, erosketak egin eta etxera. Zuek hemen zaudete egun guztian, jendaurrean”. Bezeroek eskertu dute, bai.

 

Bonu-sistema bat jarri berri da martxan. Zer iruditzen?

Ondo. Une honetan laguntza guztiak ondo etorriko dira.