Merkataritza hizpide

Usurbil Optika: “Oso aproposa da bonu-sistema”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 11a, 07:50

Funtsezko jarduera izanik, Usurbil Optika zabalik izan da une oro. "Lan gehiago ez da izan", adierazi digute iritzi eske hurbildu garenean. "Urgentziak atenditu ditugu batez ere, salmenta batzuk ere izan ditugu baina lan gehiago ez da izan".

NOAUA! Konfinamendua hasi zenean ordutegia egokitu behar izan al zenuten?

Usurbil Optika. Ez dugu aldatu. Ordutegi berarekin aritu gara lanean.

 

Segurtasun arrazoiengatik aforoa kontrolatu beharra zegoen. Ondo moldatu al dira zuen bezeroak?

Ondo egokitu gara, ez dugu inolako arazorik izan. Jendeak baimena eskatzen zuen sartu aurretik.

 

USURBIL OPTIKA

“Bonuena oso interesantea iruditzen zaigu. Guk ere hartuko dugu parte”

 

Beste denda batzuetan esan digute bezero berri bat agertu dela. Lehen etortzen ez zena.

Bai, horrelako erosleak ere izan ditugu aste hauetan.

 

Nork daki, akaso bertakoa eta gertukoa gehiago baloratuko dute aurrerantzean. 

Nik uste dut baietz. Atentzio  pertsonalizatua jasotzen dute hemen, ez gara kate handi batekoak... Eta jendeak eskertu egin du lanean jarraitu izana.

 

Bonu-sistema bat jarri berri da martxan. Udal ekimen hau zer iruditu zaizue?

Oso aproposa. Oso interesantea iruditzen zaigu eta guk ere parte hartuko dugu.

 

Herriko komertzioa sustatzeko lagungarri izango da, ezta?

Beharrezkoa da, eta komeni da mugimendua. Betaurreko batean torloju bat jartzeko bada ere, komeni da mugimendua. Jendea konturatu dadin, iruditzen ez zaizkion zerbitzu asko ere badaudela bertan.

 

Bonu-sistemak kontsumoa suspertu dezake gainera.

Jendeak nahi du. Beste herri batzuetan martxan jarria zegoela eta duela bi astetik galdetzen hasiak zeuden hemen ere.

 

Eguzkitarako betaurrekoak saltzeko garai ona izango da hau.

Bai, baina graduatu transparentea ere urte osoan saltzen da. Egia da udak eguzkitako betaurrekoak erosteko ilusioa ekartzen duela, baina graduatu transparenteekin urte osoan aritzen gara.