NOAUA! Etxealdiak iraun duen denboran, nola joan dira gauzak hemen?
Laurok liburudenda: Gauza batzuk askoz gehiago saldu ditugu: prentsa, denborapasak, eskulanetarako materiala umeentzat... Jendeak denbora bete behar zuen nolabait. Talde batzuk, Susana Martinek bezala, umeak entretenitzeko gauzak egin dituzte eta eskulanetarako materiala oso ondo saldu dugu.
Bestalde, gozoki asko saltzen ditugu hemen, eta makinetan ere bai. Eta hori dena hilda egon da.
Beraz, alde batetik produktu batzuk asko saldu ditugu, baina beste produktu batzuk ez. Batak bestea konpentsatzen al du? Ba ez. Baina beste produktu batzuk ere saldu ditugu.
Gela eta maskarak, adibidez.
Guk momentu oro izan ditugu maskarilak. Inon bilatzerik ez zegoenean, guk bagenituen. Hidrogela eta eskularruak ere saldu ditugu. Normalean ez ditugu horrelakoak izaten baina lortu genituen. Eta oso ondo saldu ditugu, jendeak behar zituelako. Egoerara moldatu garela esan daiteke.
LAUROK LIBURUDENDA
“Egoerara moldatu gara eta momentuan behar ziren produktuak ekarri ditugu. Gela, maskarak, eskularruak... Horrek salbatu gaitu”
Hori ere garrantzitsua izango da, ezta?
Maskarak egiteko materiala ere saldu dugu, jostorratzak, gomak... Sekula saldu ez ditugunak. Baina egoerara moldatu gara eta momentuan behar ziren produktuak ekarri ditugu. Horrek salbatu gaitu.
Erosteko modua ere aldatu egin da. Zuek ere banaka atenditu dituzue bezeroak, ezta?
Guk uneoro atenditu dugu denda barruan. Une batzuetan aforo maximoa hiru pertsonakoa izan zen baina gurean egunkari bat edo aldizkari bat saltzeko ez da denbora asko behar. Fotokopia batzuk egiteko ere ez da denbora asko behar. Opari baten bila etortzen denak denbora gehiago beharko du, baina normalean salerosketa azkarrak dira gureak, horregatik ez dira ilara handiak egiten.
Patsadaz hartu dituzue gauzak.
Jendeak ikasi du era horretan erosten eta guri oso ondo etorri zaigu. Era honetan, bezeroarekiko atentzioa hobea da.
“Lan asko izan dugu fotokopiekin”
NOAUA! Umeen eskolako lanak egiteko, gurasoek fotokopia gehiago egin behar izan dituzte. Inpresoren salmenta ere igo egin omen da asteotan, ezta?
Laurok liburudenda. Bai, lan asko izan dugu fotokopiekin. Inpresorentzako tintak ere asko saldu ditugu. Une batzuetan, gaizki ibili gara tinta modelo jakin batzuekin.
Okindegietan legamia bezala, hemen inpresorentzako tinta izan da agortu dena.
Bai, inpresoretako modelo batzuk oso konplikatuak zirelako lortzen.
Premia berriak sortu zirenez, kontsumoaren joerak ere aldatu egin ziren.
Gainera, aste batzuetan behintzat, Internet bidezko salmentak ez zuen ohi bezala funtzionatu. Saturatuta egon ziren eta zerbitzuak epe luzera ematen zituzten.
Beste gauza batekin ere jabetu gara: etorri da jende bat Usurbilen bizi dena, baina ez genuena ezagutzen.
Herrian bizi baina arrazoi ezberdinak medio erosketak herritik kanpo egiten dituena. Dena den, Usurbilgo merkataritzaren eskaintza ezagutu du etxealdiak iraun duen denboran eta akaso aurrerantzean gehiago baloratuko dute bertakoa eta gertukoa, ezta?
Ea hala den. Hasieran bai, hala izan zitekeela uste nuen. Baina uste dut gauza puntuala izan dela. Lehengora bueltatuko garela.
Orain badakite hor zaudetela. Eta zuen lan egiteko moduaren berri dute.
Bai baina bestetik, hilabete hauetan jende batek online erosten ikasi du eta jabetu da ez dela hain zaila.