USURBILGO KULTUR BIRA

“Usurbilgo Kultur Biraren egitaraua laster aurkeztuko dugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 11a, 14:13

Beste toki askotan bezala, herriko jaiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Beste tokietan ez bezala, Kultur Bira oparo bat prestatu dute. Usurbilgo Jai Batzordeko bi kidek hainbat azalpen eskaini dizkigute.

NOAUA! “COVID19-ak eragindako osasun krisia medio, Santixabel jaiak ezingo ditugu  nahi genituzkeen bezala ospatu”. Agiria irakurrita, zentzuzkoa dirudi bertan behera uzteko erabakiak. Dena den, ez zen erraza izango.

Aitor Agirre: Oso zaila. Orain arte Jai Batzordera joaten ginen eta talde bakoitzak berea proposatzen zuen. Aurten, osasun krisiaren ondorioz, talde batzuk ezin zuten beren ekintza egin. Eta beste batzuk, beren proposamena egin ahal izateko, proposamena bera eraldatu beharra zuten. Hitz gutxitan, nahi bezala ezin zen ezer egin.

Euren ekintza egin ezin zutenek alde egin zuten eta geratu ginenok pentsatu genuen ekitaldi batzuk antolatzea baina beste modu batean. Gure saioa bakarrik defendatu beharrean, egitarau bat orokortasun baten barruan bideratu zitekeela uste genuen. Eztabaida handi samarra egon zen.

Luken Arkarazo: Ideia bera udal proposamen batetik dator. Koronabirusaren ondorioz era zaurgarrian geratu diren sektoreak indartu ditzagun. Tokiko merkataritza, arlo soziala eta kultura sektorea sustatuko ditugu, alderdi politiko guztiek eginiko agerraldian esan zen bezala. Eta Santixabelak beste modu batean planteatzeko proposamena hortik dator,  kulturaren sektorea lehenbailehen berpiztearen ideia horretatik.

 

LUKEN ARKARAZO

“Web orrialde berri baten bidez eskuratu behar dira Kultur Birako sarrerak: usurbilkultura.eus”

 

Hortaz, Jai Batzordetik haratago doa planteamendua. 

Luken Arkarazo: Bilerak ez dira Santixabeletako Jai Batzordeko kideekin bakarrik egin, kultur agente guztiekin baizik. Kultura Saileko 2020ko udal diru-laguntza guztiak berformulatu beharra zeudelako. COVID19 birusa baino lehen, aurrekontuak bideratuta zeuden. Baina diru horiek banatzeak ez zuen inolako zentzurik, errealitate guztiz diferente baten aurrean gaudelako orain. Ez zuen zentzurik egingo ez diren ekintzetarako diru horiek banatzea. Kultura bultzatu nahi dugu baina ez dugu dirurik banatuko gero ez bada egoki erabiliko. Eragileekin bildu ginen eta ekitaldi guztiak bertan behera utzi beharrean, erdibideko soluzio bat topatzera animatu genituen.

 

Egoera berrira egokitzeko gonbitea egin zaie kultur eragileei.

Luken Arkarazo: Hori da,  ekintzak berformulatzea proposatu zaie. Unean uneko dekretuen bidez, Udalak laguntzeko prestutasuna du. Elkarteekin bildu ahala, ikusi genuen protokolo bat egin beharra zegoela. Bilera batzuk egin ditugu Udaltzaingoarekin eta brigadakoekin. Oinarrizko neurriak denok dakizkigu, higienea, distantzia soziala, aforoak... Protokolo hori zehaztea inportantea izango da  uztailean zehar egingo dugun Kultur Bira programatzeko garaian.

 

Santixabeletako aurrekontuarekin finantzatuko da uztaileko Kultur Bira

“Jaietarako musika talde guztiak lotuta genituen, bertsolariak, soinu ekipoekin aurrekontu guztiak eginda... Hauek guztiak kale gorrian ez uztea zen helburua”, adierazi digu Luken Arkarazo kultura zinegotziak. “Kultur Itzalaldian egin ziren aldarrikapenekin bat eginez”.

Uztaileko eskaintza zabala izango da. Jai eredutik haratago doana. “Bernardo Atxagaren hitzak datozkit gogora, kulturaren bideak Usurbilera eramango zaitu... Ba Usurbil kultur herria bada, orain  da demostratzeko garaia”, adierazi digu Arkarazok.

 

 

"Aste honetan itxita izango ditugu ekintza guztiak"

NOAUA! Kultur Bira uztailean zehar egingo da eta herri osoan barreiatuta, ezta?

Aitor Agirre: Lehen helburua da higiene eta segurtasun neurriak errespetatzea. Ikusi zen jende pilaketa handienak kaxkoan egon zitezkeela eta hortik aldentzea proposatu zen.

 

Protokoloa zehaztea buruhauste handi bat izango zen.

Luken Arkarazo: Kaxkoan egiten diren ekitaldiak festa giroarekin identifikatzen ditugu. Eta hori ezin da egin. Taberna eta txosna inguruetan, arriskua totala da.

Aitor Agirre: Gatazka hor sortzen da. Ahal den aforo handiena nahi dugu baina segurtasun neurri guztiak betez. Horregatik saiatu gara espazio egokienak bilatzen. Eta  estalia eta handi samarra, espazio handirik ez da Usurbilen.

BI GUNE NAGUSI

“Uztailaren 2, 3 eta 4an, bi ekitaldi handi egingo dira aldi berean. Santuenean karpa handi bat jarriko dugu, eskubaloi zelaian. Beste gunea Oiardo kiroldegia izango da”

 

Kultur Biraren egitaraua noiz jakinaraziko da?

Luken Arkarazo: Egitaraua eta logoa martxan daude eta ekitaldien %80a lotuta dago. Aste honetan itxita izango ditugu ekintza guztiak. Kultur Bira osoa laster aurkeztuko dugu.

Aitor Agirre: Ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko epea ere orduantxe zabalduko da.

 

“Kultur Birako ekitaldiak usurbildarrentzat bakarrik izango dira”

Ekitaldi denak doan izango dira. Baina aurretik ez baduzu sarrera lortu, ezingo duzu bertaratu. Nola kontrolatuko da hori?

Luken Arkarazo: Plataforma digital bat sortzen ari gara, usurbilkultura.eus. Herritar bakoitzak kontu bat sortu beharko du bertan, eta kontu hori nortasun agiriarekin balidatuko da. Izena eman ahal izateko Usurbilen erroldatuta egon behar duzu. Beraz, usurbildarrentzat bakarrik izango dira ekitaldiak.

 

Sarrerak lortzeko, erabiltzaile profil bat sortu behar da web orrialdean.

Aitor Agirre: Hori da. Eta etorkizunerako planteamendu bat ere bada. Usurbilgo kulturaren sare digital bat izango da.

 

 

“Ekitaldi denak doan izango dira”

NOAUA! Sarrerak eskuratzeko, Kultur Birako plataforman alta eman behar da.

Luken Arkarazo: Sarrerak ezin ditugu tabernan ezta online jarri. Pikareska ebitatu behar dugu. Lehenengo konektatzen direnek, lehenak iristen direnek abantaila izan ez dezaten. Nola egin behar dugu? Epe bat zabalduz. Jendeak egun batzuk izango ditu izena emateko, modu ireki batean. Eta aforoa gaindituz gero, plataforma digitalak zozketa bat egin beharko du izena eman duten horien artean.

 

Saio ugari izango dira guztira. Denetan eman daiteke izena?

Luken Arkarazo: Bai. Jendeak ekintza guztietan eman dezake izena. Aforoa ez bada betetzen, email bat jasoko duzu, QR kode batekin. Hori izango da sarrera.  Aforoa gaindituko balitz, zozketa egingo litzateke. Bestetik, ekitaldi guztietan eman dezakezu izena baina lehentasun maila handiko bi aukeratu ahal izango dituzu.

 

Lehentasun gisa zehazteko, zer egin behar da?

Luken Arkarazo: usurbilkultura.eus web plataforman, argi berde batekin seinalatuz. Aforoa argi berdea eman dioten horiekin beteko da lehenbizi. Horrekin bermatu nahi da Kultur Birako zure bi ekitaldi gustukoenetan eserleku bat lortu ahal izateko aukera. 

 

Adibidez, lehentasun gisa  Joseba Tapiaren kontzertua eta herri kirolak hautatu ditut. Ekitaldi bakoitzean zenbat sarrera lor ditzaket?

Aitor Agirre: Pertsona bakoitzak gehienez ere bi sarrera eskuratu ahal izango ditu. Umeen ekitaldietan nola heldua den sarrerak hartzen dituena, gehienez ere lau sarrera har daitezke.

 

NOAUA! usurbilkultura.eus web orria noiz egongo da sarean?

Luken Arkarazo: Datorren astean. Eta orduantxe zabalduko da izen-ematea. Lehen lau egunetan uztailak 2, 3 eta 4ko ekitaldietarako izen-emateak egin beharko dira. Uztaileko beste ekitaldietako izen-emateak zabalik jarraituko dute.

 

Sarean eman behar da izena. Batzuk hala ere, adinduak bereziki, ez daude horretara ohituta.

Luken Arkarazo: Komunikazio kanpaina bat egingo dugu. Bi euskarri nagusi izango ditu. Izen-ematea zabaltzen den lehen egun horietan adinduen egoitzerara joan eta bertan azalpenak emateko asmoa dugu. Eta bestetik, tutorial txiki bat egingo dugu, bideo bat. Sarrerak nola eskuratu azalduz.