Aurkezpen telematikoa

Klima aldaketaz landutakoa aurkeztuko diote Udalari Agenda21 programako ikasleek

Agenda21 programaren baitan, Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 400 ikasleek klima aldaketaren inguruan urtean zehar eginiko lanketa aurkeztuko diote Usurbilgo Udalari, datorren astelehenean. Bizi dugun osasun krisialdiaren eraginez, aurkezpen telematikoa izango da.

Ikasleak Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietarekin eta ingurumen alorreko udal teknikariarekin biltzekoak dira. Klima aldaketari lotutako "sentsibilizazio jarduerak egin dituzte, batik bat. Klima aldaketa zer den, zein eragin dituen eta arazoaren kontzientziazioa izan dituzte ardatz, besteak beste. Aldi berean, barne diagnostikoa egin du ikastolak ere, gaiak ikastolaren egunerokoan duen presentziaz hausnartzen, eguneroko kontsumoak zein eragin izan dezakeen, eta abar", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.

Lanketa honetan ere covid19-ak zuzenean eragin du. Agenda21 programaren testuinguruan ikasturtean zehar lantzen joandakoa eten zuen koronabirusaren agerraldiak martxoan. 

Telematikoki
Halere, "energia berriztagarrien inguruan ere lanean aritu dira azken hiruhilekoan eta, etxean, konfinamendu garaian egindako tramankulu batzuen bideoak ere ikusgai izango dituzte". Sortu duten materialarekin gainera, "ikastolako Txoko Berdea elikatu dute". 

Martxora arte bideraturiko lanketa bateratu eta emaitzak urtero Udalari aurkezten dizkiote txosten batean. Ikasleek astelehenean, ekainaren 15ean, Usurbilgo Udaleko alkateari eta ingurumen arloko udal teknikariari aurkeztuko diotena. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, telematikoki, hurrengo urtean berriz aurrez aurre aurkezteko esperantzarekin.