Koronabirusa

Lurraldebusek erabilera arauak egokitu ditu eta Euskotrenek udako ordutegia zehaztu du

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 12a, 07:43

Azken asteotan etenik gabe eguneratzen doaz garraio zerbitzuetako ordutegi eta erabilera araudiak. Lurraldebusek hain zuzen, autobusei begirako ohar sorta berria kaleratu du. Gogoan izan bestalde, Euskotrenek indarrean du udako ordutegia astelehenaz geroztik. Hilabeteotarako ordutegi zehatza plazaratu du.

Covid19-aren eraginez osasun krisialdian murgidu ginenetik, unean uneko egoera eta protokoloetara egokitu dira garraio zerbitzuak. "Deseskalatze" prozesu honetan ere pixkanaka, ohiko martxara itzultzen joan dira inguruok zeharkatzen dituzten tren eta autobusak. Egun 3. fasean gara, eta Eusko Jaurlaritzak zehazturiko araudiaren arabera, "maiztasunak eta edukierak %100ean berreskuratu ahal izango dira bidaiarien lurreko garraioetarako (trenbidea eta errepidea), baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten badira osorik". 

Asteburuetan tren zerbitzu gehiago
Aste honetan eguneratze berriak izan dira. Euskotren-ek, gogoan izan, astelehenaz geroztik martxan du udako ordutegia. Albiste honetan beherago dituzue hilabeteotarako ordutegi zehatzak. Usurbil zeharkatzen duten tren zerbitzuei dagokienez, asteburuetako joan etorrietan antzemango dugu aldaketa handiena; "indartuko egingo dira asteburuetako eta jaiegunetako zerbitzuak" Donostia-Zumaia artean. 

Oro har, "udaren helduerarekin, Euskotrenek bere eskaintza egokituko du udarekin lotutako mugikortasun-beharrak asebetetzeko. Horrela, ohiko tren-zerbitzua indartuko da hondartzak dituzten kostako udalerrietarako lekualdatzeak errazteko. Aurten, bizi dugun egoera kontuan hartuta, Euskotrenek udako zerbitzuak aurreratzea erabaki du modu efizienteagoan erantzuteko gure erabiltzaileen mugikortasun-beharrei".

Erabilera arauen eguneratzea Lurraldebusen
"Erabilera baldintzak" aldatu dituela ohartarazi du bestalde Lurraldebusek, "erabiltzaileen eta gidarien segurtasun neurri bezala". Kontuan hartu beharreko arauak dira honako hauek:
-Maskara erabiltzea ezinbestekoa.
-Bidaiariaren ardura izango da, "beste bidaiariekiko ahalik eta distantzia handiena mantentzea".
-Gidaria babesteko egokitutako autobusetan, aurreko atetik sartu ahalko gara. Bestela, atzeko ateetatik.
-Bidaia-txartela ezingo da eskudirutan ordaindu, Mugi txartela baliatu ahalko da soilik. Txartel anonimoen kasuan, autobusera sarrera atzeko ateetatik egiten bada, txartel bakoitzeko bidaiari bakar batek bidaiatu ahalko du.
-Txartela, sartzerakoan eta irteterakoan balioztatuko da gertuen dagoen makinan.
-Ibilbide luzeko lineetan, bidaia-txartela aurrez erosiko da autosalmentarako makinetan, mugikorrerako Lurticket aplikazioan, web bidez edota txarteldegietan.
-6 urtetik beherakoak: ohi bezala, haurrarekin bidaiatzen duen pertsona arduradunak gidariari jakinaraziko dio, “zero-txartela” atera dezan. Autobusera sarrera atzeko ateetatik egiten den autobusetan, gidariak gordeko du adin-txikikoaren zero-txartela.
-Mugi txartela nola eskuratu: ohiko salmenta guneetan eta kioskoetan. Informazio gehiagorako: mugi.eus / 943 000 117.
-Autobusera sarrera atzeko ateetatik den zerbitzuetan bertan behera geratzen da multibalioztatzea. Hauetan, bakoitzak bere txartela eraman beharko du bidaiatzeko.
-Internet bidezko errekargaren aktibazioa: Lurraldebuseko autobus guztietan, autobusera sarrera atzeko ateetatik egiten denetan izan ezik. Azken hauetan, Kutxabankeko kutxazainetan aktibatu beharko da.

Informazio gehiagorako: 
Euskotren
944 333 333
euskotren.eus

Lurraldebus
900 300 340 (8:00-22:00)
lurraldebus.eus
Lurraldebusen app-a