Usurbil, "Oinherri" herri hezitzaileen sarean

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 12a, 16:39

Usurbil "Oinherri" herri hezitzaileen sarean txertatzea erabaki zuen udalbatzak joan den otsaileko osoko bilkuran. Erabaki hura, hitzarmen batean islatu dute gaur aipatu egitasmoko sustatzaileek eta Udalak Potxoenean egin duten sinatze ekitaldian. Hasiera batean urtebeterako hitzartu dute elkarlanerako akordioa, urtez urte luzatzen segi ahalko da "legeak ezarritako mugen barruan". 

Hitzarmen honen baitan 3.000 euroko ekarpenarekin lagunduko du diruz Udalak "Oinherri" egitasmoa, "bere jarduerak eta proiektuak Usurbilen finantzatzeko, bere printzipio eta lan ildoak gainerako herri eragileekin elkarlanean garatzeko".

Covid19-ak eragindako osasun krisialdia tarteko aurreikusitakoa baino beranduago, baina era berean, hilabeteotan "bizitakoak  bizita konbentzimendu handiagoz" izenpetu dutela hitzarmena adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak.

Gogorarazi duenez, bai konfinamenduan eta "deseskalatze" prozesu osoan, "ikusi ahal izan dugu haurrak bazterrean utzi dituztela erakunde ezberdinek eta ez dituztela aintzat hartu haurren eskubide eta beharrak. Osasun larrialdi honetan haurrak berriz ahotsik gabeko herritar gisara hartuak izan dira eta inoiz baino ageriago geratu da haurren ahotsa entzuten ez duen jendarte batean bizi garela". 

Testuinguru honetan zioenez, "helduoi haurren ahotsak entzunaraztea, haien eskubideak aldarrikatzea eta haien hitza eta erabakia ematea dagokigu". Eta horregatik zioen bat egin dutela "Oinherri" egitasmoarekin. Zehazkiago esanda, "Oinherri herri hezitzaileak sustatzen duen ikuspegi, eredu eta praxiarekin egiten dugu bat, izan ere gure ustez ere oso garrantzitsua da, jolasa eta sormena oinarri hartuta haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea, eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate sarea eta auzolana indartzea eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea".

Ildo horiekin bat eginik lanean jardun eta hainbat egitasmo sustatu dituztela adierazi dute. Adibide moduan aipatu dute Zirimara egitasmoa. Gaur sinaturiko hitzarmenarekin lan ildo horietan sakonduko nahi dutela iragarri du alkateak, herriko hezkuntza, kultura eta aisialdi arloetako eragileekin elkarlanean, "baita filosofia horrekin lanean ari diren gainerako Euskal Herriko udal eta herriekin batera, elkar ezagutu, elkarrengandik ikasiz eta norabide horretan kokatzen diren eredu, egitasmo eta praktika onak gure herrira ekarriz".

Joxe Mari Agirretxe: "Zuen esperientzia eta jakinduria besteokin partekatzea suposatuko du guretzat"
Hitzarmen hau sinatuta, Usurbil Euskal Herriko "Oinherri" herri hezitzaileen sarean txertatuko da. "Dozena bat elkartetik gora gaude; euskalgintzakoak, aisialdian lan egiten dugunak, talde hezitzaileak...", Usurbilgo alkatearekin batera, gaurko hitzarmenaren bigarren sinatzaile eta "Oinherri" egitasmoaren sustatzaileetako batek, Joxe Mari Agirretxek Potxoenean adierazi duenez.

Hitzarmen hau sinatzea oso garrantzitsutzat jo du. Usurbil zein Euskal Herria, "herri txikia izan daiteke, baina munduan itsasargi bat izan daiteke, bere argi keinuak zabaltzen dituena".

Txikitasunetik baina elkarturik, "indartsuak gara". Oinherri egitasmoa hain zuzen horretara dator, "herrien arteko sare bat osatzera, denon artean badaukagulako zer ikasi eta zer eskaini". Ikuspegi horretatik eredugarritzat jo du udalerri hau. "Herri bizia, ekintzailea, auzolana zer den ederki dakizuena. Naturaren zaintzan eredu bat markatu duzuena Euskal Herrian. Eredugarria, komunitatearen parte hartzearekin. Baita kultur esparruan eta beste hainbat esparruetan". 

Oinherri egitasmoarentzat Usurbil kide izateak "zuen esperientzia eta jakinduria besteokin partekatzea suposatuko du guretzat eta besteongandik jasotzea eta elkarrekin indartsuagoak izatea. Komunitatearen indarra eta gauzak egiteko beste modu eraldatzailea izatea".

Erronka argia marraztu du Agirretxek; "komunitatea indartu nahi dugu. Denon artean egin, jasoz eta emanez". Hartara, "denon eta denontzat izango den herri osasuntsu bat sortuko dugu". Are gehiago, Agirretxek zioenez, pandemia honek agerian utzi duen guztiaren ostean. "Zerbait argi geratu bada munduak norabide aldaketa behar duela da eta horretan denok erabaki behar dugu". 

Gure bizitzan eta munduan herritarrok izan behar dugula protagonistak zioen. Horretan ari direla lanean, "irri eginez borrokatzen". Txikitasunetik abiaturiko bide eraldatzailea, "elkarrekin egingo dugu bide hori zalantzarik ez izan. Euskal haur herri irripublika horren bila. Aupa Usurbil!".