Koronabirusa

Materiala mailegatu eta ikasteko aukera liburutegian gaurtik

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 15a, 08:15

Sutegi udal liburutegia irekitzera doaz astelehen honetan (ekainak 15), baina noski, covid19-ak eragindako osasun krisialdira egokituta eskainiko dituzte zerbitzuak. Beharrezko prebentzio neurriak hartuta; bertan ikasi ahalko da, azken asteotan Sutegi sarreratik kudeatu duten maileguen sistema ere ohiko gunetik bideratuko dute aurrerantzean. Baina azken asteotan bezala, bertaratu baino lehen aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

Sutegi sarreratik eskilaratan gora igo eta jaisteko gezien bidezko seinaleztapena lurrean, pantailak harrera mahaian, eta gunea erabili osterako desinfekziorako baliabideak. Covid19-ak eragindako osasun krisialdian ohikoak bilakatu zaizkigun ikur eta baliabideak prest ditu udal liburutegiak astelehen honetarako.

Ekainaren 15 honetan irekiko dutela iragarri dute sare sozialen bidez. Gogoan izango duzue, hilaren 1ean maileguak kudeatzeko mahaia jarria zuten kultur etxeko sarreran. Urrats berria emango dute etzi; liburutegia bera zabalduko dute.

Gaurtik aurrera honenbestez, maileguan hartutako materiala itzuli edo hartzeko hitzordua eskatu beharko da aurrez. Liburutegian bertan ikasteko aukera egongo da gainera, 14-65 urte artekoentzat. Gehienez 13 pertsonek egon ahalko dute. Kasu honetan ere aurrez hitzordua eskatzea ezinbestekoa izango da, liburutegitik aditzera eman dutenez. Astelehenetik ostiralera, 10:00-18:30 artean segiko du zabalik.

Liburutegiarekin hartuemanetan jarri eta aldez aurreko hitzorduak eskatzeko bideok dituzue:
943 36 06 92
688 625 477 (Whatsapp)
biblioteka@usurbil.eus

Liburuen kontsulta, online katalogoan: 
katalogoak.euskadi.eus
liburubila.euskadi.eus

Kattalin Minerrekin irakurketa-solasaldia
Konfinamenduaren osteko jendaurreko lehen ekitaldia ere iragarri du Sutegi udal liburutegiak ekainaren 23rako; euskarazko irakurketa-solasaldia Kattalin Miner idazle eta kazetariarekin. Bere "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" izeneko sortze lana aurkeztuko du. Bizi dugun egoera kontuan izanda, ekitaldira joateko aurrez izena eman beharko da. Liburua eLiburutegian eskura daiteke aurrez.

Covid19a gure artera heldu aurreko 2020ko lehen hilabeteetan Sutegi udal liburutegiak eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak euskarazko bi irakurketa-solasaldi antolatu zituzten; bietan bi eleberri aztertu zituzten ikuspegi feministatik, Kattalin Miner kazetari eta idazlearekin. Urtarrileko saioan Eider Rodriguezen "Bihotz handiegia"; martxoaren 8aren testuinguruan Uxue Alberdiren "Jenisjoplin".

"Pertsona transexualek gainditu beharreko oztopo ikusgarri zein ikusezinak marrazten dira"
Aipatu moduan, ekainaren 23an helduko diete berriz irakurketa-solasaldiei. Urte hasieran egin bezala, Kattalin Miner gonbidatu dute arratsaldeko 18:00etan hasiko den ekitaldira. Oraingoan, Minerren beraren sortze lan bat izango dute mintzagai; "Moio: gordetzea ezinezkoa zen" izenekoa. 

Liburua Kattalinek lagun min Aimar Elosegi Ansaren bizitza eta heriotza erretratatzen du. "Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza horretan. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena. Urteak igaro ahala, ordea, zer geratu da? Ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa erdietsi zituen kasua? Hipotesi horretatik abiatuta, hainbat elkarrizketa egin ditu Minerrek". 

Liburuan bildu dituen lekukotzekin, "pertsona transexualek gainditu beharreko oztopo ikusgarri zein ikusezinak marrazten dira, gure gizartearen transfobia aitortu zein aitortu gabeak, azken batean. Erreportaje bizi, zintzo eta sakona eskaintzen zaigu, hortaz, guztioi zer pentsatua eman beharko ligukeena".

Segurtasun berme guztiekin ospatuko da ekitaldia. Horregatik, "aforoa mugatua denez, aldez aurretik izena eman behar da", ohartarazi dute Sutegi udal liburutegitik. Liburua bera eLiburutegian (Liburutegi digitalean) eskuratu ahal izango da. "Digitalki lortzeko laguntza behar baduzu, jarri gurekin harremanetan"; baita noski ekitaldira joan nahi dutenek ere. Bideotatik eman daiteke izena:
Tfnoa: 943360692
Whatsapp: 688625477