Koronabirusa

Oiardo Kiroldegiko igerilekua zabalik gaurtik

Usurbilgo Udalak iragarri bezala, modu mailakatuan irekitzen doaz pixkanaka Oiardo Kiroldegiko gune ezberdinak. Aste hasieratik zabalik da gimnasioa, astelehen honetan igerilekua zabalduko dute. Baina adi, zerbitzuok baliatzeko txanda eskatu beharko da aldez aurretik. 

"Deseskalatze" prozesuan urrats berri bat emango du ekainaren 15ean Oiardo Kiroldegiak. Segurtasun neurriak bermatzeko, zerbitzuak bere osotasunean eskaini ezin dituenez, irekiera mailakatua izaten ari da gunea. Astelehenean gimnasioa ireki zuten, datorrenean igerilekua jarriko dute martxan.

“Zita hartu beharko da, derrigorrez, guztietan, eta segurtasun protokoloak errespetatzeko”, adierazia du Udalak. Hartuko dituzten segurtasun neurriei dagokienean, desinfekzio protokolo bat landu dute; egunero lau aldiz desinfektatuko dute langileek Kiroldegia. Erabiltzaileei ere laguntza eskatzen diete; norberak erabilitako espazioa desinfektatzea. Horrekin batera, bai gimnasioa eta igerilekua era mugatuan baliatu ahalko da. Horretarako zenbait baldintza ezartzea erabaki dute. Hortik aurrera, “astez asteko balorazioa egingo dute”, iragarri du Udalak.

Diru itzulketa
Gogoan izan, Kiroldegia ia hiru hilabetez itxia egon da. Udalak aurrez iragarri izan duen moduan, erabiltzen ez den udal zerbitzuengatik ez du kobratuko. Ondorioz, “datozen asteetan hasiko dira zerbitzua etenda egon den epeari dagokion diru kopurua itzultzen (martxoak 14-ekainak 15 tartea erreferentziatzat hartuta)”. Ikastaro eta abonuei dagokienean, kiroldegia itxita egon den denbora tartearen aldiarekiko proportzioa itzuliko da. Udalak prozesu konplexu samarra izango dela aurreikusi arren, “ahalik eta epe laburrenean egin nahi dituzte diru itzulketak”.

USURBILGO "DESESKALATZE" PLANA
OIARDO KIROLDEGIAREN "DESESKALATZEA"
Kiroldegiaren ordutegia
-Astelehenetik ostiralera: 7:00-12:30 /14:30-22:00.
-Larunbatetan: 8:00-13:30/15:30-21:00 (larunbatetan ordubete lehenago ireki eta eguerdian itxiko dute garbiketa lana egiteko).
-Igandeetan: 09:00-13:00.

Baldintza orokorrak
-Txanda batzuk 65 urtetik gorako herritarrentzat, haurdun egon edo arrisku taldeetako kideentzat gordeko dira.
-Abuztuan ez da itxiko Kiroldegia.
-Udako hilabeteetarako gazte zein helduentzako ikastaro eskaintza handitzea aztertzen ari dira.
-Kiroldegirako txanda aurrez eskatu beharko da 943 37 24 98 telefono zenbakian.
-Txandak gehienez ordubetekoak izango dira. Tarte horretan, sartu, erabili eta atera beharko da.
-Txanda bakoitzean ilara egin beharko da Kiroldegian eta Kiroldegiko langileek adierazitakoan sartu.
-Ostegunetan eskatu ahalko dira hurrengo asterako txandak.

Gimnasioa zabalik
-Gehienez orduko 35 erabiltzaile. Gimnasioko gelan eta eskubaloiko pistan jarriko dituzte makinak.
-Eguneko txanda bat eskatu ahalko da.
-Ezingo dira aldagelak erabili: kirol jarduera egiteko arropa jantzita joan beharko dira erabiltzaileak eta nork bere toaila eraman beharko du (eramaten ez dutenek, ezingo dute sartu).
-Gehienez 45 minutuz baliatu ahalko da gimnasioa. Gero, erabilitako makina desinfektatu eta arrapalatik irten beharko da.

Igerilekua irekitzear
-Irekiera: ekainaren 15ean.
-Aldagelak erabili ahalko dira.
-Igerileku handiko txandak: kale bakoitzeko igerilari bat. Igerian egiteko 45 minutu eta dutxatzeko gehienez 15 minutu.
-Igerileku txikiko txandak: bitan banatuko da igerilekua, zati bakoitzean erabiltzaile bat; familiek eta kolektibo berezientzat soilik (igerian ikasten ari direnak adibidez); ordu eta laurdeneko txandak (45 minutu erabiltzeko, 30 minutu aldatzeko, tartean ume txikiek denbora gehiago izan dezaten); aldagela mistoko komun egokituetan dutxatu beharko dute, baliabideak egokituko dituzte familiak erosoago aldatzeko; aldagelak erabili ostean, espazioa desinfektatu beharko dute.
-Erreserbak: igerileku handian astean gehienez hiru aldiz; igerileku txikian, astean gehienez bi aldiz.