Koronabirusa

Bizipenak partekatzeko deia, Ikastola Eguna ospatu ezin izan den larunbat honetan

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 13a, 11:31

Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak behartuta, bertan behera geratu behar izan duen Ikastola Egun honetan, Udarregiko lagunez oroitu eta bizipenak partekatzeko deia egin dute sare sozialen bidez.

Ikastolaren jai egun betean egon behar genuen larunbat honetan. Covid19-a gure artera heldu zenetik ordea, aurrez genuen bizimodua irauli da. Besteak beste, jaialdiak ere eten behar izan dira; tartean, izatez, larunbat honetan ospatzekoa zen Ikastola Eguna.

Covid19-aren eraginez egun batetik bestera ohiko ikasturtea eten behar izan zuen ikastolatik bizipenak partekatzeko gonbita luzatu dute eta modu horretara, "Udarregitarron festa egun kuttuna" modu ezberdin batean ospatzea. 

Ikastolako webgunetik berri eman duten moduan, "eutsi egin nahi diogu festa giroari, eta horretarako animatu nahi zaituztegu larunbateko planean tartetxo bat egiteko, Udarregiko lagunekin gogoratuz, eguna alaitasunez betetzeko! Sormenari leihoak ireki eta ikastolara helarazi zuen bizipenak! Gora Ikastola!".

"Gogoratu ikastolarekin eta ikastolako lagunekin"
Aurten ezingo da ospatu Ikastola Eguna, baina 2021ekoa kolosala izango dela iragarri du ikastolako zuzendari Mariaje Imazek. "Datorren urtekoa mundiala izango da". Bitarte horretan, laster elkartzeko desioa plazaratu du Imazek. "Ia laster elkartzeko aukera daukagun eta besarkada estu handi bana, eta elkarrekin ondo pasatzeko aukera daukagun".

Animu mezua helarazi nahi izan du, ikastolaz oroitzeko eskaera plazaratzearekin batera. "Eutsi goiari, gora Udarregi eta Udarregiko kide guztiok, aupa zuek! Zerbait desberdina egin, behintzat gogoratu ikastolarekin eta ikastolako lagunekin". 

Irakasleetako batek honako bertsoa abestu du:

Aurtengo ikastola eguna
ezin ospatu elkarrekin
hemen doaz bertso txiki batzuk
denon hartuemanakin
ilusio eta gogo handiz
hau dena zuei eskainiz
datorren urtean espero det
ospatzea elkarrekin.

Zuen mezuak, bideoak partekatzeko gogoan izan; ondoko sare sozialak ditu Udarregi Ikastolak:
Facebook: Udarregi Ikastola
Twitter: @udarregi