Koronabirusa

Usurbilen kasu berririk ez

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 14a, 13:40

Azken egunotan Gipuzkoan eta Bizkaiko zenbait osasun zerbitzuen guneetan covid19-ak jotako kasu diagnostikatu berriak antzeman dituzte. Gure inguruan ordea ez da aldaketarik. Maiatzaren 18an erregistraturiko kopuru berean jarraitzen du Usurbilek.

Covid19-ak eragindako kasu berriak antzeman dira azken egunotan Gipuzkoan. Hala diote, birusaren hedapenaren inguruan egunero Eusko Jaurlaritzak eskainitako zenbakiek. Usurbilek ordea, duela hilabeteko datuei eusten die. Covid19-a gure artera heldu, diagnostikaturiko kasuen eguneroko jarraipena egiten hasi zirenetik, duela hiru hilabetetik honenbestez, 14 izan dira guztira udalerri honetan antzeman diren koronabirus kasuak.

Azken igoera duela ia hilabete antzeman zen; 11tik 14ra igo zenean covid19-ak jotako herritarren kopurua. Hilabete honetan ez da aldaketarik izan zenbaki horretan. Duela aste batzuetatik gainera, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak herriz herriko hildako kopuruaren berri ematen hasia da. Usurbilen hildakorik ez dela izan dio aipatu erakundeak. 0 hildakorekin, udalerri honetako hilkortasuna 0,0koa izaten segitzen du igande honetan (ekainak 14). 

Dakizuenez, udalerriak osasun eremuka daude antolatuak, eta eremu hauei buruzko informazioa ere egunero eskaintzen du Eusko Jaurlaritzak. Udalerri hau "Lasarte-Usurbil" eremuan dago kokatua. Eremu honetako datuak oso bestelakoak dira. Usurbilen azken hiru hilabeteotan 0 hildako eta 14 kasu diagnostikatu izan baditugu, martxoaz geroztik "Lasarte-Usurbil" eremuan 5 hildako zenbatu ditu Osasun Sailak eta 70 kasu diagnostikatu. Zenbakiokin, 7,1ekoa da eremu honetako hilkortasuna.

Eusko Jaurlaritzak igande honetan (ekainak 14) eskaini dituen datuak esteka honetan kontsulta ditzakezue: covid19, ekainaren 14ko datuak

Kasu berrien gorakada EAE-n
Azken egunotan gorantz egin du covid19-ak jotako kasu berrien kopuruak. Oinarrizko birsorkuntza tasa horren guztiaren erakuslea dugu; 1,9 puntukoa izatera heldu zen asteazkenean. Ordutik zertxobait jaitsi da, igande honetan 1,52an da. Martxotik, konfinamenduko lehen asteetatik ez zen halako daturik erregistratu. Martxoa amaieraz geroztik aste honetara arte, adituek hobetsi izan duten puntu bakarraren azpitik zen aipatu birsorkuntza tasa.

Gipuzkoara etorrita, aspaldiko kasu kopuru altuena erregistratu zen larunbatean; 9 kasu antzeman ziren. Igande honetan, PCR bidez beste bi kasu zenbatu ditu Osasun Sailak, 5 Bizkaian eta 2 Araban. "Orain arte 1.592 pertsona hil dira guztira, 3 erregistro berri atzo. Gainera, 18 pertsonak ZIUn jarraitzen dute", Eusko Jaurlaritzaren esanetan.