Koronabirusa

Odola emateko deia egin dute, emaileen nazioarteko egun honetan

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 14a, 11:19

Odol Emaileen Nazioarteko Eguna igande honetan (ekainak 14). Berebiziko garrantzia izaten du odola emateak; pentsa bizi dugun ezohiko testuinguru honetan. Egun seinalatu honen bueltan odola ematearen garrantziaz ohartarazi dute.

Osasungintzan ezinbestekoa den odola ematera deitu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. "transfusiorako edo plasmaren deribatuak diren medikamenduak egiteko hainbat eta hainbat osagai eskuratzeko modu bakarra izaten jarraitzen du". 

Odol erreserbak egungo mailan, beharrezko gutxieneko horren gainetik mantentzeko emateko gonbita luzatu dute. Iaz, 2019an, odol emateek behera egin zuten Usurbilen, nahiz emaile kopurua bere horretan mantendu zen, zereginotan ari den herriko elkartetik emandako datuen arabera. 2018 eta 2019ko odol-emaile kopurua bere horretan mantendu zen 143 emailerekin. Bildutako odol kopurua, ordea, txikiagoa izan zen, 251 emanaldi zenbatu diren 2018an eta 227 emanaldi 2019an; 24 emanaldi gutxiago.

Usurbilen dakizuenez, bi hilean behin lehen astelehen arratsaldeetan finkatu ohi du Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak, odola emateko hitzordua. 2020ko egutegia eskutan berez, uztailaren 6an egokituko litzateke odol ematea anbulatorioan. Covid19-aren eraginez bizi dugun osasun krisialdia tarteko ordea, gaurkoz ez dago deialdi hau finkatua. Abiatzear dugun astean esaterako, Usurbildik gertuen egunero Donostian (Manuel Lekuona, 1, behea: 8:30-13:30/16:30-20:30), hilaren 17an Astigarragako anbulatorioan (18:30-20:30) eta hilaren 18an Orioko anbulategian (18:00-20:30) daude iragarriak odol emateak.

Odola egunero emateko hitzorduen berri bideotatik jaso dezakezue:
donantes2punto0.eus
900 303 404
Twitter

Odola emateko bete beharreko baldintzak
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.