Koronabirusa

Udajolaseko guraso bileraren hitzordu berria egunotan jakinaraziko dugu

Ostiralean aurreratu genizuen moduan, Udajolas izango dugu uztailean. Bizi dugun testuinguru berrira egokituriko aisialdi ekimena izango dugu aurtengo uztailean. Izatez astelehen honetarako genuen deitua argibideak emateko bilkura, baina zertxobait atzeratuko dugu hitzordua. Egunotan jakinaraziko dizuegu guraso bileraren hitzordu berria.


Zintzilik zegoen azkenean egin ahalko zen edo ez. Covid19-ak eragindako osasun krisialdiak bizimodua alor guztietan hankaz gora jarri duen honetan, argitzeke zegoen zer gertatuko zen uda parteko aisialdiko ekimenekin. 

Dakizuenez, "deseskalatze" prozesuaren 3. fasean gara aste hasieratik. Fase honetan hainbat ekimen antolatu ahal izatea baimendua dago; tartean udalekuak. 

Testuinguru honetan, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas egitea erabaki dugu. Esan beharrik ez da, covid19-ak eragindako egoera berri honetara egokitua egongo dela. Hala egon da hasieratik; gogoan izan, izen ematea online bideratu behar izan dugu aurten. 

Matrikulazio kanpainan adierazi genuen moduan, izen ematea bideratu nahi genuen lehenbizi; eta gero egoerak baimentzen, udalekuak antolatu ahalko ote genituen erabaki. Aipatu moduan, ekimenok egin ahal izatea baimendua dago jada, beti ere bizi dugun ezohiko egoera honetara egokituta, beharrezko prebentzio neurriak hartuta. Halaxe egingo dugu, beti ere, datozen asteetan kontrakorik ez bazaigu adierazten.

Bilera laster zehaztuko dugu
4-12 urte arteko 200 lagunentzako lekua genuen NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasen. Maiatzaren 1etik 15era finkatu genuen epearen baitan, HH3-LH6 ikasturte artean ikasten ari ziren 134 haur eta gaztetxok eman zuten izena. Urtero moduan, Udajolas abiatu aurretik, ekimenean izena ematen duten haur eta gaztetxoen gurasoekin bilera deitu ohi dugu. Aurtengorako hitzordua finkatua genuen; astelehen honetarako, ekainaren 15erako 17:00etan Sutegiko auditorioan hain zuzen. 

Hitzordu hau atzeratzea erabaki dugu ordea. Gaur ez da bilerarik izango; egunotan zehaztuko dizuegu beharrezko argibideak jasotzeko hitzordu berria noiz izango den. Deialdi honetara joatea garrantzitsua izango da. Bertan emango dira batetik, covid19-aren eraginez bizi dugun osasun krisialdiaren testuingurura egokituko den Udajolaserako hartuko diren prebentzio neurrien berri; ekimenaren nondik norakoei buruzko behar beste informazio. Eta noski, gurasoen zalantzak argitzeko aukera izango da bertan.

Bileraren hitzordua aipatu moduan, egunotan zehaztuko dizuegu. 

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak dioena
Aipatu moduan, "deseskalatze" prozesuaren baitan 3. fasean gara hasieratik. Fase berri honetan besteak beste, udalekuak antolatu ahal izatea baimendu du Eusko Jaurlaritzak. Honela dio hitzez hitz, Eusko Jaurlaritzak 3. fase honi begira plazaraturiko dekretuak, aisialdi ekimenei dagokienean. "Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak berriro hasi ahal izango dira, erakunde eskudunek ezartzen dituzten arauekin bat etorriz".

Bizi dugun osasun krisialdia aintzakotzat hartuta, parte hartzea mugatzea eskatzen du Jaurlaritzak. Jarduerak egiten diren tartean, "parte-hartzaileak gehienez ere 15eko (15 kideko) taldeetan antolatu beharko dira, monitoreak barne". Horrekin batera, "ohiko gehieneko edukieraren %60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua". Udalekuak "aire zabalean" egiten badira "gehienez 200 parte-hartzaile izango dira", "gune itxietan" antolatzen badira "gehienez 80 parte-hartzaile izango dira". Bi kasuetan, "monitoreak barne". Eusko Jaurlaritza asteazkenean gai honi buruzko dekretua argitaratzekoa dela aurreratu du EITB-k.