Koronabirusa

Pepa Bojoren tailerrerako izen emateak zabalik segiko du

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 16a, 07:59

Pepa Bojo psikologoak ‘A través del laberinto’ izeneko tailer trinkoa emango du asteburu honetan, ekainaren 19an eta 20an Potxoenean. Osasun krisian “elkar laguntzeko” tailer gisara planteatu du Bojok, osasun krisiak eta konfinamenduak jendearengan eragin dituen emozioen inguruan aritzeko. Emakumeen ahalduntzerako programaren barruan antolatu du tailerra udaleko Parekidetasun sailak.

“Proposamen honek Covid19-ak eragindako krisian bizitako esperientziak jasotzea du helburu, baita konfinamenduaren esperientziarenak ere, gertatutakoa ulertzeko prozesuan laguntzeko. Hala, baliabideak eman nahi zaizkie parte hartzaileei, krisian aurrera egin eta dolua kudeatzeko irizpideak eduki ahal izateko. Krisi bat, labirinto bat, modu osasuntsuan aurrera eginez soilik izan gaitezke erresilienteak pertsonalki zein kolektiboki”, azaldu du Bojok.

  • Hizkuntza: gaztelania.
  • Iraupena: 12 ordu, bi egunetan banatuta.
  • Ordutegia: Ekainak 19 ostirala: 16:00etatik 20:00etara. Ekainak 20 larunbata: 10:00etatik 18:00etara.

Izen-ematea zabalik da
Doan den arren, izena eman behar da aurretik, “hamalau lagunentzako lekua soilik baitago segurtasun neurriak bermatu ahal izateko”, Parekidetasun Sailetik aditzera eman dutenez. Izena emateko azken eguna astearte honetarako, ekainaren 16rako finkatua zegoen arren, egunotan zabalik segiko du 14ko taldea osatu arte; 943 37 71 10 telefonora deituta edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidera idatzita.